Secretariado Gitano fundazioko ordezkaria

Carmen Borja: «Emakume ijitoak ez gara hutsetik abiatzen»

Emakume ijitoen laneratzea errazte aldera, aukera berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatu behar direla uste du Borjak. Gizartean eragiteko eskatu du, ijitoen «benetako irudia» zabal dadin.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU
JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko urriaren 22a
05:05
Entzun

Secretariado Gitano fundazioak 2016an jarri zuen martxan emakume ijitoen berdintasuna sustatzeko Cali programa, eta ordutik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan parte hartu duten emakumeen %80 lana bilatzeko aktibatu dira. Laneratze prozesuak sustatzeaz gain, 38 diskriminazio kasu artatu dituzte, eta horietako hamarretan emakumezkoa izan da biktima. Carmen Borja (Tolosa, Gipuzkoa, 1972) Secretariado Gitano fundazioko ordezkari eta Cali programaren arduradunak ohartarazi duenez, emakume ijitoek «askotariko diskriminazioak» jasaten dituzte, baina oso gutxik salatzen dute.

Zein da programaren helburua?

Lan mundura sartu nahi baina formakuntzarik eta lan esperientziarik ez duten emakume ijitoen aldarrikapenei erantzuteko programa bat da. Lana bilatu aurreko fase horri erantzun nahi diogu, eta andrazkoen gaitasunak eta beren buruarekiko konfiantza sendotzen saiatzen gara. Badirelako lan munduan eskarmentu eskasa izanik ere lanerako izugarrizko gaitasunak dituzten andrazko ijito ugari. Bi ikuspuntutatik lan egiten dugu haiekin: gizarte inklusiotik eta genero berdintasunetik. 

Zein da emakume ijitoen egoera?

Emakume ijitook traba ugarirekin egiten dugu topo, barrukoak zein kanpokoak. Guk badakigu zertan aldatu eta hobetu behar dugun, baina gizarteak jartzen dizkigun trabak, kanpokoak, horiek dira guretzat okerrenak. Naiararen kasua kontatuko dizut: unibertsitate ikasketak egin dituen neska ijito gazte bat da, eta kontatu zigun beti egongo dela eskertua lehen eskola egunean berandu iritsi eta bere ondoan eseri zen beste herrialde bateko ikasle batekin; izan ere, hari esker ez zen baztertua sentitu, eta, luzera begira, ez zituen unibertsitate ikasketak utzi. Neska horri gertatu zaiona orokorra da emakume ijitoen artean. Ikasketak uzten dituzten neskato asko daude, ez dutelako euren burua mundu horren parte ikusten.

Nola funtzionatzen du programak?

Emakume ijitoaren integrazioa sustatzen dugu ikuspuntu integral batetik. Aukera berdintasuna lortzeko bidean eta haien errealitatetik abiatuta, ibilbide pertsonalizatuak antolatzen ditugu, haien garapen pertsonala eta hiritartasuna helburu hartuta. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ere lantzen dugu, eta indarkeria matxistaren biktimak laguntzen ditugu.

«Guk badakigu zertan aldatu eta hobetu behar dugun, baina gizarteak jartzen dizkigun trabak, kanpokoak, horiek dira guretzako okerrenak»

Zer-nolako diskriminazioak bizi dituzte emakume ijitoek?

Askotariko diskriminazioak pairatzen ditugu emakume ijitook. Andrazko askok esaten digute supermerkatuan, adibidez, zelatatu edo behatu egiten dituztela, edo hainbat erakundetara jotzen dutenean tratu desegokia jasotzen dutela eta erraztasun gutxi jartzen dizkietela. Hamaika adibide ditugu. Horregatik uste dugu garrantzi handikoa dela gizartean kulturartekotasuna eta intersekzionalitatea lantzea. Emakume ijitoak ez gara hutsetik abiatzen, eta, hortaz, esku hartzea ere beste perspektiba batetik landu behar dugu.

Nola?

Gizartea sentsibilizatu behar da, ijitoen benetako irudi bat izan dezaten. Izan ere, gizartearen arazo nagusietakoa antitziganismoa da, eta ijitoena, berriz, gutxi salatzen dugula. Ijito oso gutxik salatzen dituzte gehiegikeriak, diskriminazio egoerak edota eskubide urraketak.

Zergatik?

Baliabide gutxi ditugulako salaketekin aurrera egiteko, eta salaketak gugan izango dituen ondorioen beldur garelako. Salatzea arazo bat bada, are arazo handiagoa izaten da salaketa egiten duenak publikoki salatzea eta komunikabideetan izen-abizenekin agertzea. Horrelakoetan, ohikoa izaten da salatu behar duenak atzera egitea. Gainera, epai eredugarri gutxi ditugu, eta gure alde ditugunak asko kostata lortu ditugu. Guk lortu ditugu baten batzuk, baina urte askoko borrokaren ondoren. Edozein diskriminazio egoera salatzera animatzen ditugu ijitoak, gu haien ondoan egongo garelako, laguntza ematen, baliabideak eskura jartzen; eman nahi dituzten pauso denetan bidelagun izango gara.

«Epai eredugarri gutxi ditugu, eta gure alde ditugunak asko kostata lortu dira. Guk lortu ditugu baten batzuk, baina urte askoko borrokaren ondoren»

Nolakoak dira jorratzen dituzuen diskriminazio kasuak?

Askotarikoak. Mariaren kasua adibide bat baino ez da. Maria bigarren alabaz erditu zen, eta jaioberria osasun arazo batengatik artatu zuten ospitalean; bada, alta agirian, familia aurrekari gisa jarri zuten ama ijitoaren alaba zela. Egoera horrek erditu ondorenari eragin zion, eta oso gaizki pasatu zuen.

Garrantzitsua da ijitoak beren eskubideez jabetzea?

Ijitoen %99k diskriminazioren bat jasan dute, eta gehienak diskriminazio horiek identifikatzeko gai dira, baina ez dute salatzeko pausoa ematen. Egia da ez ditugula ijitoen aurkako jarrerei aurre egiteko aski tresna, baina eskura ditugunak erabili behar ditugu. Tratu berdintasun eta diskriminaziorik ezaren legea, adibidez, urrats bat da. Isunen bidez lortzen badugu ijitook bizitza duinago bat izatea, gaitz erdi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.