Emakume etxegabe bat hil zen joan den ostiralean Bilbon, Beste Bi elkarteak jakitera eman duenez. Emakumea kalean bizi zen, eta gizarte zerbitzuen arta jasotzen zuen. Gaur-gaurkoz, ez dute emakumearen inguruko beste daturik eman.
Heriotzaren berri ematearekin batera, Beste Bi plataformak jakinarazi du ekitaldi bat egingo dutela haren omenez. Hain zuzen, bihar egingo dute omenaldia, Bilboko Areatzan, 11:00etan hasita. Beste Bi plataforma pertsona etxegabeen eta etxebizitza duinaren defentsan lanean diharduten hogei bat erakundek eta norbanakok osatzen dute.
Urtea hasi zenetik, orotara kalean bizi ziren hiru pertsona hil dira Euskal Herrian. Urtarrilean, 56 urteko gizon baten gorpua topatu zuten Hendaian (Lapurdi), kotxe batean. Era berean, urtarrilaren erdialdera abenduaren amaieran desagertutako etxegabe baten gorpuzkiak aurkitu zituzten Getxoko Arrigunaga hondartzan (Bizkaia). Barakaldoko gizon batenak ziren; 34 urte zituen, eta kalean bizi zen. 51 urteko gizon bat dago kartzelan, behin-behinean, hura hiltzea egotzita.
Gainera, martxoaren 12an —duela bi aste pasatxo—, Piotr izena zuen 23 urteko gizon gaztea zendu zen Bilbon bertan. Poloniakoa zen jaiotzez, baina urte eta erdi zeraman Euskal Herrian. Duela astebete eman zuten heriotzaren berri, eta orduan ere mobilizazioak egin zituzten etxegabeen egoera salatzeko.