Carolina Perez Toledo. AEDko presidentea

«Emakume enpresariok gehiago begiratzen diegu bezeroei eta pertsonei»

Bizkaian 7.200 emakume enpresari eta zuzendari daude, soldatapeko emakume landunen %3 dira, eta 4.500 milioi euro fakturatzen dituzte. Sektore pribatuko langileen %17ri zuzeneko lana ematen diete.

Bilbo
2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
AED Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko presidente da Carolina Perez Toledo. Bizkaiko Diputazioarekin batera, gaiari buruzko behatoki bat aurkeztu zuen atzo: andre enpresaburuen egoera zein den jakiteko lehen azterketa egin dute.

Zein helburu ditu elkarteak?

Emakume enpresarien eta zuzendarien lana ezagutarazteko eta erabakitze postuetan kokatzeko sortu zen. Gure artean aukerak sortzeko eta elkar laguntzeko helburua ere badauka.

Badauka balio erantsirik andre izateak enpresaburuen artean?

Azterketa honen bitartez, ikusgai gaude: badakigu zenbat garen, lana sortzen dugula, iraupen luzeko lana dela... Hori dena agerian jartzea oso garrantzitsua da. Datuak atera ditugu estereotipoak edo mitoak apurtuz. Alderik? Azterketan atera da emakume enpresariok gehiago begiratzen diegula bezeroei eta pertsonei. Egun, enpresak horizontalagoak diren eta elkarlaneko ekonomiaz hitz egiten den honetan, hori nahitaezkoa da. Alde horretatik, agian, hobeto kokatuta gaude.

Zer profil dauka Bizkaiko emakume enpresariak?

Batez beste, 36 eta 45 urte bitartekoak dira, enpresa bokazioz sortu dute, gehienek unibertsitate ikasketak edo goi mailako Lanbide Heziketako ikasketak dauzkate, ezkonduta daude, eta seme-alaba txikiak dauzkate. Gehienetan, beren bitartekoak erabili dituzte enpresa sortzeko, eta enpresa horiek iraupen luzekoak dira: 20 urtetik gorakoak.

Aipatutako enpresek zein profil daukate?

Batez ere zerbitzuen sektorekoak dira, gehienak saltoki eta ostalaritza arlokoak. Industrian gutxi gaude, eta, bitxia bada ere, hezkuntza eta osasun arloetan ere gutxi; enpresariez ari naiz. Gure enpresek emakume gehiagori ematen diete lana, eta, ahal den heinean, arduratuta daude ordutegien malgutasunarekin, lana bizitzarekin bateragarri egiteko.

Jakin daiteke profil horrek garapenik izan duen hogei urteotan?

Etorkizunean garapena neurtzeko sortu dugu behatokia, gaur arte ez baikeneukan emakume enpresarien egoeraren argazkirik. Ez dakigu nolakoa zen profila duela hogei urte; horrelako azterketak egiten dituzten erakundeek ez zeukaten kontuan ikuspegi hau. Gure elkarteak lortu du ikuspegia txertatzea.

Zer mito apurtu dituzue ikerketa honen bitartez?

Nire iritziz, interesgarriena hau da: ematen du emakumeek enpresa sortzen dutela familiaren ekonomian laguntzeko, baina agerian geratu da ez dela horrela; hamarretik lauk familiako diru sarreren %75 lortzen dute, eta beste lauk, %50etik gora. Beste mito batzuk ere apurtu dira: enpresak oinordean hartu ditugula eta enpresen mundura duela gutxi sartu garela. Inondik inora: gure enpresek hogei urte dauzkate, batez beste.

Emakumeak gako al dira ekonomiaren hazkundean?

Herri batek biztanleriaren erdia aintzat hartu ezean, harenak egin du. Unibertsitatean %50etik gora bagara, zergatik ez gaude ordezkatuta erabakiguneetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.