Bizkaiko emakume bat hil dute Castro Urdialesen

Andrearen 13 eta 15 urteko bi semeak atxilotu dituzte, hilketaren egileak direlakoan. 48 urte zituen, eta Gurutzetako ospitalean egiten zuen lan.

Castro hilketa
Castro Urdialesen hildako emakumearen etxea, poliziaz eta kazetariz inguratuta. ROMAN G. AGUILERA / EFE
Maite Asensio Lozano.
2024ko otsailaren 8a
14:17
Entzun

48 urteko emakume bat hil dute Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia) bortxaz; sortzez bizkaitarra zen, eta Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) ziharduen lanean. Auto batean agertu da haren gorpua, bortxa zantzu nabarmenekin. Haren bi semeak atxilotu dituzte, ama hiltzea leporatuta: 13 eta 15 urte dituzte.

Atzo gauean agertu zen emakumearen gorpua, autoaren atzeko eserlekuan, lotuta. Haren senarra lanean zen, Bizkaiko lantegi batean, eta ikerlariek genero indarkeriaren hipotesia baztertu zuten. Ordurako bi semeak desagertuta zeuden, eta haien bila hasi zen Guardia Zibila; 02:00 aldera atxilotu dituzte, Castro Urdialesen bertan, parke batean.

Bi mutilak adingabeen fiskaltzaren esku utzi dituzte gaur goizean. Gazteenari, 14 urte baino gutxiago izaki, legez ezin zaio deliturik inputatu; adingabeen zentro batera eraman dute, Espainiako Gobernuaren Kantabriako ordezkariak berretsi duenez. 15 urteko anaia, berriz, Kantabriako Fiskaltzako talde psikosozialak txosten bat egin beharko du haren «familia, psikologia eta hezkuntza egoeraren» inguruan. Santanderreko 5. Instrukzio Auzitegiak erabaki du hura sei hilabetez sartzea adingabeentzako zentro batean, erregimen itxian.

Albiste agentziek azaldu dutenez, bart iluntzean adingabeek amonari deitu zioten telefonoz, eta «bahituta» zeudela esan zioten. Amonak, berriz, Guardia Zibilari deitu zion. Guardia zibilak 21:00etan iritsi ziren familia bizi zen urbanizaziora, eta han autoa eta emakumearen gorpua aurkitu zituzten. Segituan, kontrolak ezarri zituzten herri osoan, bi adingabeak aurkitu zituzten arte.

Castro Urdialesko Udalak hiru dolu egun ezarri ditu, eta bertan behera utzi ditu asteburu honetarako inauteri ospakizunak. Minutu bateko isilunea ere egin dute gaur 13:00etan, udaletxe aurrean. «Gertakari hau tragikoa da», adierazi du Susana Herran alkateak. Jakinarazi du gizarte zerbitzuetan ez dagoela adingabeei lotutako salaketarik, eta mutilak ez zirela «gatazkatsuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.