Emakume baten gorpua topatu dute gaur goizean Arga ibaian, Barañain parean (Nafarroa). Soinean zeramatzan jantziak bat datoz joan den abenduan Iruñeko Sanduzelai auzoan desagertutako emakume batenekin: Gabriela Reyes izena zuen, eta 35 urte zituen.
Landaben inguruan paseoan zebilen pertsona batek ikusi du gorpua, eta hark abisatu ditu udaltzainak. Poliziaz gain, Uretako Erreskate Taldea ere joan da hara, eta haiek arduratu dira gorpua uretatik ateratzeaz. Auzitegi Medikuntzaren eta Zientziaren Nafarroako Institutura eraman dute gorpua, identitatea baieztatu eta autopsia egiteko. Espainiako Polizia ari da auzia ikertzen.
Abenduaren 7an galdu zen Gabriela Reyesen arrastoa. Sanduzelaiko taberna batean ikusi zuten egun hartan, azkeneko aldiz. Bakarrik iritsi zen, eta bakarrik atera zen tabernatik. Reyesen senideen eta lagunen arabera, bikotekidearekin gelditua zen emakumea egun hartan, eta gizonaren etxera joatekoak ziren. Taberna eta gizon horren etxea hurbil daude.
Haren lagunek esandakoen arabera, segurtasun kameretako irudiek erakusten dute egun hartan gizon bat hurbildu zitzaiola, musu bat eman ziola, eta sakelako telefonora begiratzeko eskatu ziola. Gero, Reyes negarrez joan zen. Ez zen etxera iritsi.
Desagertu eta hurrengo egunean, haren senitartekoek gertakariaren berri eman zuten. Geroztik, ikerketa bat abiarazi zuten hura topatzeko asmoz. Batez ere, Arga ibaia, Sanduzelai auzoa eta Landaben industrialdea miatu zituzten. Uretako erreskateetarako talde bat eta Nafarroako Gobernuaren helikopteroa ere batu ziren bilatze lanetara.
Urtarril erdian, poliziek Arga ibaiko zati handi bat aztertu zuten, Sanduzelaitik Otazuraino, eta ez zuten arrastorik aurkitu. Hilaren amaieran, suhiltzaileak Arga ibaian bilatzen aritu ziren. Ibaiaren hamazazpi kilometro aztertu zituzten, baina ez zuten arrastorik aurkitu.
Otsail hasieran ehunka lagun bildu ziren Iruñeko kaleetan, Gabriela Reyes «ez ahanzteko». Emakumearen senide eta lagunek antolatu zuten elkarretaratzea. Hain zuzen, Mariel Reyesek, Gabrielaren ahizpak, laguntza eskatu zien Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari, eta salatu zuen ordura arte ez zutela interesik izan kasu horretan. Senideek baztertu egin zuten Reyesek bere kabuz alde egitea edo bere buruaz beste egitea.