Emakume baten eta adingabe baten etxegabetzea geldiarazi dute Gasteizen

Auzoan Bizi etxebizitza sarearen deialdiari erantzunez, dozenaka lagun bildu dira, eta lortu dute Ertzaintzak egitekoa zuen kaleratzea oztopatzea. Hura atzeratzea erabaki du epaileak.

Auzoan Bizi sareak etxegabetze bat eragozteko deitutako elkarretaratzea, gaur, Gasteizko Arana auzoan. ARABAKO ALEA
Auzoan Bizi sareak etxegabetze bat eragozteko deitutako elkarretaratzea, gaur, Gasteizko Arana auzoan. ARABAKO ALEA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko azaroaren 21a
16:41
Entzun

Auzoan Bizi etxebizitza sareak etxegabetze bat geldiaraztea lortu du Gasteizen, Arana auzoko Extremadura kalean. Emakume bat eta haren alaba adingabea etxetik kaleratzeko bertaratu da Ertzaintza. Emakumeak hipoteka bat zuen Laboral Kutxa bankuarekin, eta 2007tik bizi da bota nahi izan duten etxebizitzan, Auzoan Bizik jakinarazi duenez.

Etxegabetzea 12:30ean zuten egitekoa, baina dozenaka lagun bildu dira eraikinaren atarian, Auzoan Bizi sarearen deialdiari erantzunez, kaleratzea eragoztera. Ertzaintza han bildutakoei oldartu zaie, eta, etxera sartzen saiatzen ari zela, epaileak etxegabetzea atzeratzea erabaki du. Auzoan Bizik iragarri du mobilizazioetara deituko duela beste etxegabetze agindu bat ematen dutenean.

Etxebizitza eskubidea aldarrikatu du sareak, eta hura errespetatzeko eskatu. «Etxebizitza merkantzia den artean, ez da eskubide izango». Salatu du eskubide hori gauzatzeko eragozpen direla «ordaindu beharra, filtro arrazistek etxebizitzarako sarbidea zailtzea, etxejabeen gehiegikeriak, bankuen eta putre funtsen interesak eta boterea». Azaldu dutenez, gaur etxegabetzen ahalegindu diren emakumea lanean ari da, baina, hala ere, ezin dio hipoteka gastuari aurre egin. 

Laboral Kutxaren jokabidea ere gaitzetsi dute, «oinarrizko behar batekin negozioa» egin nahi izateagatik.

Manifestazioa, abenduaren 14an

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio nazionalera deitu dute, besteak beste, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Abenduaren 14an dute egitekoa, Bilbon. Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez! lelopean abiatuko da, 13:00etan, Plaza Eliptikotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.