Emakume batek salatu du sexu eraso bat jasan zuela larunbat goizean Erandion (Bizkaia), diskoteka batetik irten zenean. Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du, baina ez du inor atxilotu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, pertsona batek topo egin zuen neska gaztearekin larunbat goizaldean, Erandioko eraikin baten sarreran, zorabiatuta zegoen eta bortizkeria zantzuekin. Hark deitu zuen Ertzaintzara. Handik ospitalera eraman zuten.
Erasoa salatu duen emakumeak kontatu duenez, dantzalekura joan zen lagun batzuekin, eta han mutil batzuekin egon ziren. Adierazi du ez duela ezer gogoratzen goizaldeko hiruretatik edo lauretatik aurrera gertatutakoaz.