Emakume batek salatu du Donostia ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratu behar izan zutela Ertzaintzako agente batek eraso egin ziola eta. Otsailaren 1ean gertatu zen, Gipuzkoako hiriburuan, eta emakumeak salatu du agenteek emandako bultzada baten ondoren konortea galdu zuela, eta hala eraman zutela atxilo komisariara. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak BERRIAri adierazi dio aferaren inguruko ikerketa bat abiatu dutela, baina EH Bilduk azalpen gehiago eskatu ditu.
Emakumea kolonbiar jatorrikoa da, eta herrialde hartako El País hedabideak argitaratu du salatutakoa. Azaldu dutenez, otsailaren 1ean, Donostiako Manterola kalean, emakumearen bikotekideak eta beste gizon batek istilu bat izan zuten, eta Ertzaintzak bikotekidea atzeman zuen. Emakumeak adierazitakoaren arabera, hori egin izana kritikatu zien berak agenteei, eta haietako batek bultza egin zion. Emakumea erori egin zen, eta, buruarekin lurraren kontra jo ostean, konortea galdu zuen. Hedabide hari emandako azalpenetan, gainera, emakumearen senide batek adierazi du lurrean konorterik gabe zela kolpeak eman zizkiotela, eta hori erakusten duten irudiak daudela.
Emakumeak Donostiako Udaltzaingoan jarri zuen salaketa, eta irudi horiek ere aurkeztu ditu, baita lekukoak daudela baieztatu ere, El País-ek argitaratu duenez. Era berean, Kolonbiak Bilbon duen kontsulatuan ere eman zuen haren berri.
Zehaztu zuen konorterik gabe eraman zutela atxilotuta, eta, komisarian laguntza eskatu arren, ordu batzuk igaro arte ez zuten ospitalera eraman. Zehaztu duenez, bitarte horretan kolpe gehiago jaso zituen. Gehitu du pixa egin zuela gainean, eta poliziek aldatu ziotela arropa. Hala dio salaketak: «Bere onera itzuli zenerako, arropa aldatuta zeukan, eta, nabaritu zuenean ezin zela mugitu, mediku laguntza eskatu zuen; ondoren, ospitalera eraman zuten».
Isuria burmuinean
Donostiako Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratu zuten, eta zenbait egun egin zituen han. Senideen esanetan, mediku txostenek zehaztu dute isuri bat izan zuela burmuinean, eta aurpegiaren eta gorputzaren ezkerraldea paralizatu zitzaion. Salaketan ageri da «burmuineko edema» bat eta «hematoma intraparenkimatoso» bat izan zituela.
Segurtasun Sailak badu salaketa horren berri, eta, BERRIAri azaldu dionez, jakin berritan barne ikerketa bat abiatu zuen. Gaineratu du EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari ere eman diotela haren berri. Legearen arabera, organo horri dagokio Ertzaintzaren jardueren gaineko kontrola egitea eta eman daitezkeen eskubideen urraketak ikertzea.
EH Bilduk, baina, azalpen gehiago nahi ditu, eta Gorka Ortiz de Ginea legebiltzarkideak zenbait galdera aurkeztu ditu Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak erantzun ditzan. Hasteko, galdetu dio ea egia ote den salatutakoa, eta eskatu dio adierazteko zer balorazio egiten duen gaiaz. Era berean, salaketan zehazten den une bakoitzaren inguruko galdera sorta bat egin du: «Zer gertatu zen zehatz-mehatz? Zergatik jo zuen neska hau Ertzaintzak? Egia da lurrean zegoela ertzain bat jarri zela gainean eta hura jotzen jarraitu zuela? Zergatik?». Komisariako aferez, berriz, Zupiriari eskatu diote argitzeko ea han jo egin ote zuten emakumea, eta zenbat denbora eduki zuten han. Azkenik, ospitaleratu izanaren inguruan, ea zer informazio duten mediku txostenari buruz.
Horrez gainera, EH Bilduk eskatu du argitzeko ea emakumea atxilotuta eraman ote zuten polizia etxera. Izan ere, emakumeak salaketan adierazi du kalabozoan izan zutela, baina ospitalera eramatean esan ziotela ez zegoela atxilotuta.