Indarkeria matxista

Emakume batek Lassalle salatu du bortxaketagatik

Erran du 2010ean gertatu zela erasoa, eskualdeko bozetan haren aldeko kanpaina egiten ari zela.

Jean Lassalle, artxiboko irudian. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko uztailaren 21a
14:47
Entzun

Jean Lassalle Pirinio Atlantikoetako diputatu ohiaren kontrako salaketa ezarri du emakume batek, bortxaketagatik. 2010ean gertatu zen erasoa, Bordeleko (Okzitania) hotel batean; emakumea Lassallekin harremanetan jarri zen orduan, haren alabaren eskolarekin arazo bat zuelako. Hautagai guziei dei egin ondoan, Lassalle izan zen erantzun zion bakarra, eta, harrezkero, haren aldeko kanpaina egiten aritu zen eskualdeko bozentzat. Kontatu duenez, gizonak hitzordua eman zion hotel batean, kanpaina bilera bat egingo zutelakoan, baina iritsi bezain laster eraso egin zion. Garai hartan, emakumea haurdun zegoen, eta, salaketan adierazi duenez, Lassalleri errana zion.

Bordeleko prokuradoreak baieztatu du ikerketa bat ireki duela, eta lekukoak entzuten ari direla. Jean Lassalle bera ere elkarrizketatzekoa dute datozen egunetan.

Me Too mugimenduaren garaian ere, 2017an, sexu jazarpena egiteaz akusatu zuten lau andrek, hala nola Colette Capdevielle garaiko diputatu sozialistak. Garai hartan, BERRIArekin hitz egin zuen Capdeviellek, eta pairatu zituen erasoak kontatu. Erran zuen ipurdia ukitu izan diola. Beste egun batekoa ere azaldu zuen: eraikin berean zuten diputatu bulegoa, eta dutxara jaitsi zen Capdevielle. «Bainu soineko bat neraman, eta dutxa libre baten bila nenbilen. Ate bat ireki nuen, eta Lasalle topatu, galtzontzillotan. Atea ixteko zeukan, eta bota zidan: 'Zatoz nirekin dutxatzera!'. Alde egin nuen». Hurrena topo egitean «oso deseroso» sentiarazi zuen: «dutxako neska laguna» zela esan zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.