Emakume bat larri dago, ustez Ertzaintzak foam pilota batekin tirokatu ostean

Realaren eta Paris Saint-Germainen partidaren aurreko istiluetan zauritu zuten 44 urteko emakumea. Haren senarrak kontatu duenez, errepide erdian bakarrik zegoela tirokatu zuten. Beste emakume batek zauri arinak jasan izana salatu du.

Ertzaintza, Realaren eta PSGren partidaren aurretik gertaturiko istiluetan.
Ertzaintza, Realaren eta PSGren partidaren aurretik gertaturiko istiluetan. Javier Etxezarreta / EFE
Edu Lartzanguren - Xabier Martin
2024ko martxoaren 7a
07:34
Entzun

44 urteko emakume bat zaintza intentsiboetako unitatean dago, Donostian, ustez Ertzaintzak foam pilota batekin jo ostean. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du gertaeren «frogak biltzen» hasi direla, besteak beste inguruetako kamerek jasotako irudiak.

Zaurituriko emakumearen senarrak Noticias de Gipuzkoa egunkariari kontatu dionez, Anoeta estadiora joan zen familia osoa, Realaren partida ikustera. Senarra eta 9 urteko semea arazorik gabe sartu ziren estadioan, baina emakumeak arazoak izan zituen sartzeko sakelako aplikazioarekin, eta futbol zelai aurrera atera zen, datu konexio hobea lortzeko. Nabarmendu duenez, ezinezkoa da tiroa «errebotez» jasotzea, emakumea Errondo pasealekuaren erdian zegoelako tiroa jaso zuenean.

Foam pilotak bete-betean jo zuen buruan, belarriaren ondoan, gaineratu duenez. Hasieran, Bidasoko ospitalera eraman zuten, baina zauria larria zela ikusita, Donostia ospitalera eraman zuten, eta zainketa intentsiboko unitatean sartu zuten. Burmuinean odol isuria dauka.

Senarrak salatu duenez, emakumearen gainetik pasatu ziren ertzainak, hura lurrean zauriturik zegoenean, eta ez zioten lagundu.

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak agiri baten bidez adierazi duenez, harremanetan jarri da senideekin, «zaurien jatorria eta ingurumariak» argitzeko. Epaitegiari eskatu dio auzi mediku bat bidaltzeko zauria «modu independentean» aztertzeko. Ertzaintzaren Barne Aferetarako Unitateak ikerketa abiatuko du gaur, gaineratu dutenez.

Agindu okerrak

Ertzaintzako ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek ere ikerketa eskatu dute. Salatu dutenez, partidaren aurreko operazioaren arduradunek «protokoloetatik at dauden aginduak» eman zituzten, apropos, «agenteen segurtasuna arrisku larrian jarrita».

Gaineratu dutenez, operazioan behar baino ertzain gutxiago zabaldu zituzten, «material gutxirekin» eta komunikaziorik gabe, «bateriarik gabeko walkie-talkieak eman baitzizkieten». Istiluetan zortzi ertzain zauritu zituztela gaineratu dute.

«Ulertzen dugu hauteskunde kanpainean gaudela, baina ez dugu utziko Ertzaintza eta zehazki ertzainak panpina bihurtzen, denek ostikatzeko moduan, edo haien bizitza arriskuan jartzen, botoak ateratzeko».

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, berriz, futbol partidaren atariko istiluetan «jende gehiago» zauritu zela esan du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Izan ere, Segurtasun Sailak baieztatu du beste emakume batek salaketa jarri duela Donostiako Udaltzaingoan, ustez bizkarrean hartutako kolpe baten ondorioz jasandako zauri arinengatik.

Segurtasun Sailaren arabera, emakumeak ez du zerikusirik partidaren aurreko istiluekin. Gertatutakoa argitzeko helburuarekin, ikerketa abiatu du Ertzaintzaren Barne Aferetarako Unitateak.

Sekuentzia «susmagarria»

Edonola ere, Otegik uste du «arazo bat» dagoela «Ertzaintzaren polizia ereduarekin» eta  «ez dakigun norbaitek» kontrolatzen duela Ertzaintza gaur egun. «Tolosa, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta berriro Donostia sekuentziari» erreparatu dio esateko «oso susmagarria» dela gertatzen ari dena. «Norbaitek tentsioa handitu nahi du eta ez da ezker subiranista», esan du Otegik, eta ironiatik jo du esatean «orain istiluak egotea erabaki» duela EH Bilduk «hauteskundeak galtzeko».

(ID_13621171) ESPAÑA PARTIDOS EH BILDU
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi. JUAN HERRERO / EFE

Batera edo bestera, EH Bilduko buruak ziurtatu du Ertzaintzaren oldarraldien atzean «estrategia jakin bat» dagoela, eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari aurpegiratu dio PPren gobernuak M-11n jokatu zuen moduan jokatzea, istiluen jatorria EH Bilduren «dendaostean» jarrita, siglarik aipatu gabe. «Esan dezala nor diren atzean daudenak, zeren eta polizia infiltratuak badaude, eta badaude, ikusi ditugulako argazkietan istiluak eragiten dituztenekin batera, jakingo dute nor diren».

«Esan dezala nor diren atzean daudenak, zeren eta polizia infiltratuak badaude, eta badaude, ikusi ditugulako argazkietan istiluak eragiten dituztenekin batera, jakingo dute nor diren». 

ARNALDO OTEGI EH Bilduko koordinatzaile nagusia

Horrez gain, gertatzen ari dena ulertzeko, Ertzaintzaren barruko gatazketara ere begiratu behar dela aditzera eman du Otegik. Segurtasun Sailak eta Ertzaintzaren sindikatuek, tartean Ertzainak Borrokan plataforma, duten gatazkak «seguruenera» eragina izan dezake, EH Bilduko buruaren arabera. «Ez dakit konexio zuzena izango duen ala ez, baina ziurrenik Sailaren eta sindikatuen arteko gatazka horrek ez du laguntzen giroa lasaitzen, eta hau guztia gertatzen ari da testuinguru horretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.