Emakume bat hilda aurkitu dute Donibane Lohizuneko hotel batean

Poliziak andrearen bikotekidea atxilotu du, eta Baionako prokuradoreak baieztatu du ikerketa bat abiatu dutela, hilketa bat izan ote den argitzeko. Apirilaren erdialdean ere atxilotu zuten gizona, emakumea Ziburuko eraikin batetik jausi ondoren.

Ziburuko eraikin batetik jausi zen emakume bera da gaur hilda aurkitu dutena. GUILLAUME FAUVEAU
Ziburuko eraikin batetik jausi zen emakume bera da gaur hilda aurkitu dutena. GUILLAUME FAUVEAU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 3a
19:10
Entzun

Emakume bat hilda aurkitu dute gaur Donibane Lohizuneko hotel batean (Lapurdi). Sud Ouest egunkariak argitaratu duenez, andrearen bikotekidea atxilotu dute. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak baieztatu du ikerketa bat abiatu dutela, aldez aurretik prestatutako hilketa bat izan ote den argitzeko. Baionako prokuradoreak BERRIAri esan dio ez duela oraingoz adierazpenik egin nahi, baina ondoko egunetan emango dutela informazio gehiago. Emakumeak 33 urte zituen.

Sud Ouest-ek adierazi du Ziburuko eraikin batetik jausi zen emakume bera dela gaur hilda aurkitu dutena. Apirilaren erdialdean gertatu zen hori, eta larri eraman zuten ospitalera. Hotel bateko bosgarren solairutik erori zen emakumea. Orduan ere atxilotu zuten gizona; emakumearen gela berean zegoen. Egunkariak adierazi zuen gizona jadanik «begitan» zuela Poliziak, indarkeria matxistagatik. Bi egunez galdeketapean izan ondoren, aske utzi zuten, zaintzapean.

Hamar egun geroago, prokuradoreak esan zuen suizidioaren hipotesia lantzen ari zirela. «Pertsona horrek aurrekari psikiatrikoak eta joera suizidak izan dituela ikusirik, hipotesi horri buruz goaz», baieztatu zuen Bourrierrek. Hala ere, «hilketa saiakeragatik» abiaturiko ikerketa aurrera zihoala esan zuen, zuhurki, «eta oraindik itxi gabea» zela.

Zauri larriak izan zituen apirilean emakumeak; besteak beste, gerrialdean. Ospitalean, hil edo bizi egon zen. Medikuek koma artifizialean izan zuten, garuneko kalteetatik babesteko. Handik bi egunera lortu zuten emakumea egonkortzea eta bizirik mantentzea. Geroztik, galdekatu ahal izan zutela esan zuen prokuradoreak, baina ez zutela ezer argirik atera.

Ospitalean egon zen emakumea, joan den asteazkenean desagertu zen arte. Argitu gabe dago zer gertatu den bi egun horietan, baina, Sud Ouest-en arabera, gizonezkoa hotelean egon da. Hotel de Parisen, hain zuzen, eta gizonak berak deitu du Polizia. Emakumearen gorpuak zauri handia du buruan, eta Polizia gertatutakoa ikertzen ari da. Hotelera bertaratu dira, baita Jean-François Irigoien Donibane Lohizuneko alkatea ere.

Hilketa matxista bat izan dela baieztatuko balitz, 2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea litzateke, eta aurtengo lehenengoa.

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.