Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bart gauean emakume bat hil dute Bilboko Santutxu auzoan, eta, ustez, haren bikotekidea da hiltzailea. 00:20 inguruan izan da hilketa, bikotea bizi zen etxebizitzan. Etxean entzuten ziren oihuek ohartarazita deitu dute bizilagunek larrialdi zerbitzuetara. Zerbitzuok bikotea bizi zen etxera iritsi direnean, emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu dute, «lesio garrantzitsuekin». Lekuan bertan hil da, zauri horien eraginez. 31 urte zituen.
Ertzainak eta Bilboko udaltzainak iritsi direnean, gizona etxean zegoen, eta atxilotu egin dute, hiltzailea delakoan. Segurtasun Sailaren arabera, ez zuen genero indarkeriako aurrekaririk eta ez zegoen indarkeria matxistaren biktimen zerrendetan. Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, emakumeak telefonoz deitu zion atzo gauean bere amari, gizona bere onetik aterata zegoela ohartarazteko. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonak arazo psikiatrikoak zituen, eta erietxera eraman dute. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eguerdian esan du atxilotua jada polizia etxe batean zegoela, epailearen aurrean deklaratu zain.
Bilboko Udalak elkarretaratzera deitu du 12:00etan, udaletxeko atarian. Elkarretaratze isila egin dute, eta, bukatutakoan, Juan Mari Aburto alkateak esan du «amorratua» eta «nazkatua» dagoela hilketagatik: «Horrelako hilketa bat eta gero oso zaila da une hauetan zerbait esatea, halakoetan hitzak ia beti berdinak baitira, salaketa eta sumindura». «Hala ere», jarraitu du, «ekintzetan pentsatzeko unea da, zer egin daitekeen, eta konponbideetan aurrera egiten saiatzekoa halako gizarte gaitz baten aurrean. Ezin dugu beste bat onartu». Bilboko Udala herri akusazioa izango da kasuan.
Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, alderdi politikoetako, sindikatuetako, gizarte eragileetako eta bizilagunen elkarteetako ordezkariek parte hartu dute kontzentrazioan.
Akelarre Santutxuko talde feministak deituta, mobilizazioa egingo dute bihar hilketa matxista salatzeko. 19:00etan egingo dute, Egunkaria plazan —Karmelo plazako eskaileretan—. Euskal Herriko mugimendu feministak irmoki salatu du emakumearen hilketa, eta datozen orduetan iragarriko dituzte mobilizazioak. «Nazkatuta gaude. Aski da!», nabarmendu du Euskal Herriko Bilgune Feministak sare sozialen bidez. Bere aldetik, Itaia emakume sozialisten antolakundearen Ipar Euskal Herriko adarrak ere elkarretaratzera deitu du gaurko, Baionako merkatu plazan, 19:00etan.
Erreakzio ugari
Hilketak erakundeen eta agintari politikoen zenbait erreakzio eragin ditu, guztiak hilketa gaitzetsiz eta hildako emakumearen senideei elkartasuna adieraziz. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren iritziz, «gizarte gisa, elkarrekin eta atsedenik gabe lanean jarraitzeko erantzukizuna dugu, indarkeria matxista desagerrarazteko eta emakumeak beldurrik gabe biziahal izango diren etorkizuna eraikitzeko». Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak gehitu du gizarteari «nazka» ematen diotela indarkeria mota guztiek, «emakumeen kontrakoak bereziki».
Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendariak, mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak, «gure esku ere badagoelako indarkeria matxistarekin bukatzea eta indarkeria matxista kasuak ez onartzea». Radio Euskadin onartu duenez, informazio gutxi dute kasuari buruz, «baina bikoteetako genero indarkeriaren barruan dago».
Elgarrestak zuzentzen duen erakundeak ohar bat kaleratu du. Emakunderen esanetan, kasu honek, «bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren krudeltasuna azpimarratu du, espazio intimoetan eta etxe barruan gertatzen den indarkeria bat izanik». Nabarmendu du indarkeria hori askotan «isilean» geratzen dela, «inork ezagutu gabe». Beste batzuetan, ordea, «modu okerrenean azaleratzen da, kasu honetan gertatu den bezala». Elgarrestak gizarteari eskatu dio «euste-horma bat» eraiki dezala, «indarkeria honen aurrean eta baita indarkeria ukatzen duten diskurtsoen aurreran ere».
Eusko Legebiltzarrak hilketa gaitzetsi du. Herritarrei eskatu die har ditzatela konpromiso pertsonalak eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde. Erakundeei, berriz, eskatu die plan integralak gara ditzatela, behar diren baliabideez hornituak, emakumeen aurkako indarkeria «behin betiko erauzteko».
EAEko Arartekoak berdintasunaren balioa eta matxismoaren aurkako borroka «inoiz baino gehiago indartzeko» deia egin du, ohar baten bidez. Matxismoaren adierazpen guztien aurrean adi egoteko eskatu die erakunde guztiei eta gizarte osoari.
Bilboko Udalak adierazpena kaleratu du, esanez indarkeria matxista «gizarte gaitz bat» dela, «emakumeen osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatua, haien duintasunaren aurkako erasoa, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina». Herritarrei eskatu die «posizionamendu aktiboa» erakuts dezatela, eta, Eusko Legebiltzarrak egin duen moduan, indarkeria matxistaren aurrean erantzukizun indibidualak eta kolektiboak har ditzatela.
Bizkaiko Batzar Nagusiek ere aho batez gaitzetsi dute hilketa. Kaleratu duten oharrean, hilketaren errora jo dute: «Emakumezkoek gizartean pairatzen daben egiturazko desberdintasun eta menpekotasun egoera da emakumezkoenganako indarkeria mota guztien jatorri komuna».
Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak, Marisol Garmendiak, azpimarratu du erakunde guztiak batu egin egin behar direla gizartea indarkeria matxistaren aurka kontzientziatzeko.
Eudel Euskal Udalen Elkarteak gogorarazi nahi izan du hilketek «emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da». Ardura erakundeena eta gizarte osoarena dela gehitu du, eta, udalen kasuan, herrietan berdintasun eraginkor bat lortzeko erantzukizuna dutela: «Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia».
EH Bilduk ere gaitzetsi egin du hilketa matxista. Arnaldo Otegi idazkari nagusiak dei egin du mugimendu feministaren mobilizazioetan parte hartzera, eta nabarmendu du beharrezkoak direla «hausnarketa sakon bat eta erantzun irmo bat mundu guztiaren partetik».
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere gogor salatu du «terrorismo matxista», eta dei egin du «beste alde batera» ez begiratzera: «Erakundeen eta herritarren konpromiso osoa behar da».
Ezker Anitza-IUk uste duenez, indarkeria matxistaren larritasuna ukatzeak edo gutxiesteak «emakume askori hainbeste sufrimendu eragiten dion sistema patriarkalaren nagusitasuna iraunarazten du». Indarkeria matxistari aurre egiteak funtsezko gaia izaten jarraitu behar duela nabarmendu du, «bai politika publikoetan, bai gizarte osoarentzat». Eskatu du indartu daitezela hezkuntza afektibo-sexuala eta genero berdintasuna hezkuntzako maila guztietan.
Laugarren hilketa matxista
Euskal Herrian aurten izan den hirugarren hilketa matxista da, eta 2003etik, 122.a. Maiatzean 33 urteko emakume bat aurkitu zuten hilda Donibane Lohizuneko Paris hotelean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Hamabost bat egun lehenago, emakumea artatu behar izan zuten Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori zelako. Maiatzaren 1ean ospitaletik desagertu, eta handik bi egunera atzeman zuten gorpua.
Ekainean, berriz, 43 urteko emakume bat desagertu zen Urruñan (Lapurdi): Laure Zacchello. Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu zuen ustezko hilketagatik. Haren senarra atxilotu, eta behin-behinean preso sartu zuen Frantziako Poliziak.
Ekainean egin zuen agerraldian, prokuradoreak erran zuen hipotesia guziak zabalik zeudela, baina indarkeria matxista kasu bat izatea lehenetsi zuen. Zacchelo senarrak hil zuela uste du, eta hura bizirik aurkitzeko aukera urriak zirela iradoki zuen. Bi instrukzio epaile izendatu zituzten kasua instrukzioa eramateko. Desagertuaren senarra erreserbako jendarme aitzindari izana da, gerra armak bazituen etxean, eta horiek ere desagertuak zirela jakinarazi zuten garaian.
Miaketak egiten aritu ziren uda aitzineko egunetan. Lekukotasunen biltzeko deia ere zabaldu zuen Poliziak, Zaccheloren argazki batekin eta senarrarena den gorri kolore biziko 4X4 autoaren argazkiarekin. Inguruko oihan eta mendi eremu guziak arakatu zituzten, baina ez zuten emakumearen arrastorik aurkitu. «Senarra bizirauletzaren zalea da, kirolaria, ehiztaria; Ipar Euskal Herriko barnealdea arras ongi ezagutzen du», zehaztu zuen garaian Baionako polizia judizialeko komisarioak.
Bortizkeria aurrekariak ere bazituen gizonak. Prokuradoreak esplikatu zuen emaztea otsailaren 10ean joan zela polizia etxera, senarra «jazartzen» zitzaiola seinalatzeko, baina salaketarik jarri gabe. Bortizkeria sexisten biktimen elkartekoengana joatea aholkatu zioten.
Aurreko horiez gain, beste emakume bat hil zuten uztailean Panaman: Eneritz Argintxona Fraile. Costa Rican boluntario zebilen, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak haren desagerpena salatu berritan. Poliziak bi gizon atxilotu ditu, eta feminizidio gisa ikertzen ari dira kasua.
Iaz lau emakume eta haur bat hil ziren Euskal Herrian indarkeria matxistarekin lotuta. Hiketa matxista horietako bat Bilbon izan zen, Santutxu auzoan. Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, hark bere burua entregatu ostean. Aitortu zuen labana sartuta hil zuela emakumezkoa. Ustezko hiltzailea eta biktima senideak ziren. Gizona espetxeratu egin zuten.