Hamasei urteko neska bat hil da gaur goizean N-634 errepidean, Getariatik Zumaiarako bidean (Gipuzkoa). Kopilotuaren aulkian zihoan autoak bazterra jo duenean. Gidatzen ari zen 21 urteko gizonezkoa ere larri dago, eta Donostia Ospitalera eraman dute.
Istripua 6:30ak aldera gertatu da. Porsche Cayenne autoak kontrola galdu du Aizpurupeko begiratokiaren inguruan. Tarte horretan beherantz egiten du errepideak, eta begiratokiaren pareko bihurgunean ezkerretara egin ostean mendi magala muturrez jo du ibilgailuak. Barruan zihoazen bi lagunak harrapatuta geratu dira erreskate zerbitzuak iritsi arte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, errepidea itxita egon da hiru orduz, eta 9:30etan zabaldu dute, kotxea erretiratu ostean.