Debako heriotza «ezbehar hilgarrien segida bat» izan da, ehiztarien arabera

Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra: basurde uxaldian zebiltzan ehiztarietako baten tiroak buruan jo zuen 75 urteko emakume bat, etxean zegoela, eta hil egin zen.

Eraikin horretan bizi zen ehiztari baten tiroak jota hil zen emakumea. JUAN HERRERO / EFE
Emakumea argazkiko eraikineko hirugarren solairuan bizi zen. JUAN HERRERO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abenduaren 18a
17:00
Entzun

«[Balak] Eraikin horretan jotzea, ez fatxadan, leiho batean baizik, eta justu barrura sartzea eta emakume bat buruan jotzea... izugarria da: ezbehar hilgarrien eta ustekabekoen segida bat». Atzo hala laburbildu zion gertatutakoa EFE agentziari Haritz Ezeizak, Gipuzkoako Ehiza Federazioko koordinatzaileak, Deban (Gipuzkoa). 75 urteko emakume bat hil zen atzo arratsaldean, etxean, kanpotik jaurtitako tiro batek jota. Ertzaintzak ikerketa abiatu du heriotza argitzeko, baina litekeena da tiroaren jatorrian basurde uxaldi bat egotea, 25 ehiztarik atzo egindako uxaldi bat; etxearen inguruko basoan zebiltzan ehizan. Biktimaren senideek lurrean topatu zuten emakumea, buruan zauri bat zuela; 15:00ak baino lehen deitu zieten larrialdi zerbitzuei, eta haiek Donostia ospitalera eraman zuten. Ordu batzuk geroago zendu zen, 18:45 aldera.

Ertzaintzak zulo bat topatu zuen etxeko leiho batean, kanpotik egindako tiro batek eragindakoa. Ehiztariei istripuaren berri eman zieten ingurura heldu bezain laster, eta deklarazioa hartu, Eibarko polizia etxean. Armak konfiskatu zizkieten, eta alkoholemia probak egin; denek eman zuten negatibo, eta ez zuten inor atxilotu. Uxaldiaren arduraduna berriro joan da Ertzaintzara gaur goizean, ikertzaileek eskatuta.

Ehiztariak Debako kanpoko aldeko baso batean ari ziren basurde uxaldia egiten, Iztiña aldean. «Uxaldi bat gehiago» zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena zuten, erakundeko iturriek baieztatu dutenez. Federazioaren bidez eskatua zuten baimena: federazioak eta foru aldundiak hitzarmen bat dute basurdeak eta orkatzak ehizatu ahal izateko, «gainpopulazioa» duten espezieen artean sartzen baitituzte. Ehiztariek balak zituzten, hori baita ehiza mota horretarako «onartutako munizio bakarra». Ezeizaren ustez, bala batek joko zuen emakumea, edo «ezpal» batek, «beste leku batetik egindako tiro batek» material gogor bat jo eta gero —harria, adibidez— askatutako batek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.