Sute bat piztu da gaur goizean Bilboko Labayru kaleko 28. zenbakiko etxebizitza batean. Han adineko senar-emazte batzuk bizi ziren. Emakumea hil egin da, eta gizonezkoa Basurtuko ospitalera eraman dute, larri. Beste zortzi bizilagun artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik.
Beheko solairuko etxebizitza batean piztu da sua; oraindik ez dakite zergatik. 08:02an jaso dute abisua larrialdi zerbitzuek. Suaren garrak lehenengo solairura ere iritsi dira, eta eraikina hustu egin behar izan dute. Suhiltzaileek berehala hartu dute egoera kontrolpean. Hiru anbulantzia joan dira hara.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak emandako azalpenen arabera, sua piztu den etxebizitzan adineko bikote bat bizi zen. 73 urteko emakumeak bihotz-biriketako geldialdia izan du, han artatu dute, anbulantzia batean, baina hil egin da. Harekin bizi zen 78 urteko gizonezkoa ospitalera eraman dute, larri. Gainerako bizilagunak ez dute aparteko azarorik izan. Haietako zortzi han bertan artatu dituzte, eta batzuk osasun zentroetara eraman dituzte gero, zer-nolako bilakaera duten aztertzeko.
Xabier Oribe bigarren solairuko ezkerreko etxebizitzan bizi da, eta, esan duenez, 8 eta 3 urteko seme-alabekin ari zen gosaltzen sua piztu denean: «Kalean zegoen pertsona batek txirrina jo, eta esan digu sutea zegoela eta eraikinetik ateratzeko. Birritan pentsatu gabe kalera jo dugu, eta handik ikusi dugu beheko solairuan sua zegoela eta garrak indartsu samarrak zirela».
Oribek azaldu duenez, orduantxe furgoneta bat igaro da paretik, barruan langile batzuk zituela: «Sua ikusi dutenean, eskailera tolesgarri bat atera dute, eta han bizi den gizona leihotik atera dute. Hamar minutu geroago iritsi dira suhiltzaileak, 08:10ean, gutxi gorabehera, eta sua amatatu dute. Gizonaren emaztea atera dute, eta hura suspertzen ahalegindu dira, baina, zoritxarrez, zendu egin da».
Oribek eta haren senideak astebete baino ez zeramaten etxebizitza horretan: «Duela gutxi erosi dugu, eta margotu berria genuen». Gizarte zerbitzuetakoak harekin jarri dira harremanetan, datuak hartu dizkiote, eta laguntza eskaini diote, baina hark espero du horren beharrik ez izatea: «Esan digutenez, beheko solairua eta lehenengoa ez daude inor bizitzeko moduan, baina bigarrenetik gorakoak ondo omen daude eta, zorionez, gurea horietako bat da. Pentsatzen dut kea apur bat desegindakoan utziko digutela sartzen».
Bizilagunak, larrituta
Kezka eta larridura nabariak ziren beheko eta lehenengo solairuetako bizilagunen aurpegietan. Labairu kaleko bazter batean zeuden, haietako batzuek pijama jantzita zuten artean, eta gizarte zerbitzuetakoekin hizketan ari ziren, gaua non igaro erabaki nahian. Eraikin horretan bizitza osoa emandako bizilagunak ziren batzuk, eta ikasleentzako etxebizitza batean zeuden gazteak, beste batzuk. Nahiago izan dute prentsari adierazpenik ez egitea.
Zendutako emakumea eta haren senarra aspalditik bizi ziren etxebizitza horretan, eta oso ezagunak ziren auzoan. Ohikoa zen gizona kalean txakurrarekin paseoan ikustea. Emakumeak, berriz, urteak zeramatzan gaixorik. Zenbait auzokidek azaldu dutenez, eraikina gerra aurrekoa da, 1920. urte ingurukoa, baina egitura «sendoa» du, eta espero dute han izandako kalteak oso larriak ez izatea.
Sua gertatu eta berehala, ertzainek eta udaltzainek Labairu kalea moztu dute, suhiltzaileak lanean ari ziren bitartean. 10:50ean kendu dituzte hesiak, eta hara gerturatzen utzi diete kazetariei eta auzokideei, betiere eraikinaren ondoko espaloian ibiltzea galarazita. Itxura penagarria du etxe aurreak: beheko solairuko leihoa guztiz belztuta dago, goiko leihoan ere kalteak handiak dira, eta orban beltza bigarren solairuraino iritsi da. Atarian nabariak da sutea itzaltzeko erabilitako urak utzitako arrastoa ere.
Minutu batzuk geroago, euren etxebizitzetara sartzen utzi diete bizilagunei, gauza batzuk hartzera, betiere maskara eta suhiltzaileek emandako kaskoa jantzita. Udal arkitektoek eraikinaren egitura aztertu dute, eta arratsaldeko lehen orduan etxera bueltatzen utzi diete.
Azken asteetan sute ugari piztu dira etxebizitzetan. Urtarrilaren 31n pertsona bat hil zen Basaurin. Horrez gain, Eibarren, Donostian, Tuteran eta Hernanin ere izan dira antzeko ezbeharrak.
Ikusi gehiago