Emakume bat hil da alardean jazotako ezbehar baten ondorioz

Alarde tradizionaleko kide bat inputatu dute, airera tiro egin eta andreari lesio larriak eragitea egotzita

Hondarribiko alarde tradizionalaren desfilea, ostegunean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Emakume bat hil zen atzo Donostiako Ospitalean, ostegunean Hondarribiko (Gipuzkoa) alardean izan zen ezbehar baten ondorioz. Desfilean parte hartu zuen gizonezko bat inputatu du Ertzaintzak, airera egindako tiro batez 65 urteko emakumeari lesio larria eragin izana egotzita.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, alarde tradizionaleko konpainia bateko kideek hainbat tiro egin zituzten airera, Bernard Etxepare kalean desfilatzen ari zirela. Ikerketarako aintzat hartu duten lehen hipotesiaren arabera, tiro horietako baten kartutxoaren zati batek jo zuen emakumea, bere etxeko balkoitik alardearen desfilea ikusten ari zen bitartean. Lurrera erori, eta buruan hartu zuen kolpearen eraginez, konortea galdu zuen andreak. Senide batek deitu zion anbulantziari, eta berehala eraman zuten Donostiara; han egon zen ospitaleraturik zendu zen arte.

Hipotesi horri jarraiki, konpainiako kide bat inputatu zuen Ertzaintzak atzo, emakumeari lesio larria eragin izana egotzita. Hala, ikerketaren eta adituen frogen berri eman zion Instrukzioko Epaitegiari.

Edonola ere, Ertzaintzak badu beste hipotesi bat esku artean: Bernard Etxepare kalean izan ziren tiroen zaratak ezustean harrapatu zuela emakumea. Hortaz, tiro batek jota ez, izuturikerori zela lurrera. Ertzaintzak ikerketa abiarazi du, bi tesiak aintzat hartuta, jazoeraren nondik norakoak argitze aldera.

Edozein kasutan, zuhurtziarik gabe jokatu izana egotz liezaiekete Bernard Etxepare kalean airera tiro egin zutenei. Izan ere, deskargak egiteko leku jakinak aurreikusten dituzte alardearen antolatzaileek, eta ibilbidearen gainontzeko tokietan tiro egin ez dezaten eskatzen zaie parte hartzaileei, segurtasun arrazoiak tarteko.

Elkartasun keinuak

Bestalde, Hondarribiko Udaleko bozeramileen batzordea zendu zen andrearen senideekin bildu zen atzo. Gertaera dela-eta samina eta dolua erakusteko, eta Ertzaintzak abiarazi duen ikerketak gertaeraren ertz guztiakargi ditzala eskatu zuten. Horrez gain, senitartekoei elkartasuna adierazteko zenbait keinu atondu zituen ordezkarien batzordeak: udaletxeko banderak kentzea, gaurko pilota partidaren hasieran isilunea egitea eta gaueko su festa bertan behera uztea. Eta udalak beste egin zuen txosnen batzordeak ere. Hildakoaren omenezko gutun bat irakurri zuten atzo gauean txosnetan, Ken Zazpi eta Koma musikataldeek kontzertua eman aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.