Desokupakoek emakume bat etxegabetu dute Antsoainen

Istiluak izan ziren atzo foruzainen eta bizilagunen artean. Uztailean ere saiatu ziren emakume bera etxetik kaleratzen.

Desokupakoak eta foruzainak atzo, emakumearen etxe atarian. EGIN KLAK
Desokupakoak eta foruzainak atzo, emakumearen etxe atarian. EGIN KLAK
nerea intxausti
2025eko urtarrilaren 24a
15:40
Entzun

D&S Desokupa eta Horus Desokupa enpresak Antsoaingo Berria plazan (Nafarroa) izan ziren atzo, etxegabetze bat egiten: emakume bat kaleratu zuten. Antsoaingo Gazteak mugimenduko Beñat Remon Retak kontatu du emakumea gizarte zerbitzuetan dagoela jakin dutela, baina ez dakite askoz gehiago. 

Remon bertan zen atzo. Azaldu du gazte batzuek Desokupakoak kalean aurkitu zituztela, eta gazte mugimendutik egin zutela jendea etxe atarira gerturatzeko deia. «Dozenaka» lagun bildu ziren etxe parean, eta «Faxistak kanpora!» oihukatu zieten, KLAK Gazte Ahotsaren X kontuak zabaldu duen bideoan entzun daitekeenez. Arratsaldeko sei eta erdi edo zazpiak aldera izan zen, Remonek kontatu duenez. 

Istiluak sortu ziren foruzainen eta bizilagunen artean. Antsoaingo Gazteek salatu dute foruzainek Desokupakoak «babestu» zituztela: «Etxeko atarian geratu ziren». Desokupakoak etxe barrura sartu zirela ere jakin dute. «Desokupa enpresako kideak etxetik jaitsi zirenean, foruzainen babesarekin, bizilagunek herritik kanporatu ahal izan genituen». Oldarraldi txiki batzuk ere egin zituztela ziurtatu du Remonek. 

Espainian ezaguna da Desokupa enpresa. Okupatutako etxeak husten dituzte «bortxaz eta modu oldarkorrean», hainbat elkartek salatu izan dutenez. Remonek azaldu du Desokupakoek ez zutela ezer egin bere horretan, baina iruzkinak bota zituzten: «Ikusiko duzue ehun etortzen garenean...». 

Uztailean ere bai

Ez da emakume hau etxetik botatzen saiatu diren lehen aldia. Uztailean ere joan ziren Espainiako bi enpresa horietako kideak etxe berera. Etxegabetze hori egiteko joan ziren Antsoainera orduan, eta atzo ere bai. Uztailean ere jakin zuten, baina ez zen hainbeste jende gerturatu. Ez zuten lortu emakumea kaleratzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.