Emakume bat desagertu da Urruñan, eta fiskaltzak ikerketa abiatu du hilketagatik

Emakumearen senarra galdekatu zuten asteburuan, eta behin-behinean preso sartu dute. Baionako prokuradoreak agerraldia eginen du bihar.

Baionako Justizia Auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako Justizia Auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko ekainaren 26a
18:15
Entzun

43 urteko emakume bat desagertu zen ostiralean Urruñan (Lapurdi), eta Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu du ustezko hilketagatik. Haren senarra da susmagarri nagusia. Sud Ouest egunkariaren arabera, Frantziako Poliziak gizonezkoa galdekatu du asteburu osoan, eta behin-behinean preso sartu dute. Frantziako hedabide horren arabera, «zantzu larriak eta bat datozenak» dituzte senarraren kontra.

Baionako prokuradoreak ez du, oraingoz, kasuaz adierazpenik egin nahi izan. Agiria bidali du ikerketa abiatu dutela jakinarazteko, eta agerraldia eginen du bihar arratsaldean Baionako Auzitegian. 

Frantziako Poliziak lekukoei dei egin die emakumearen arrastoak aurkitu nahian, eta haren argazkia zabaldu dute. Ostiral goizean ikusi zuten azken aldiz Urruñan. Gizonezkoaren ibilgailuaren argazkia ere zabaldu dute, azken egunetan egin dituen mugimenduak zein izan diren jakin nahian.

Hilketa baieztatuko balitz, indarkeria matxistak 2003tik Euskal Herrian hildako 120. emakumea litzateke, BERRIAren zenbaketaren arabera. Aurreko hilketa ere Lapurdin gertatu zen: gizon batek 33 urteko emakume bat hil zuen Donibane Lohizunen. Hotel batean aurkitu zuten emakumea hilik; hamabost egun lehenago, ospitalean artatu zuten emakumea, ustez Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erorita zauritu zelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.