Emakume bat atxilotu dute Jaenen (Espainia), Bizkaian bizi zen emakume bat prostituzioan aritzera behartzeagatik. Biktimak berak jarri zuen salaketa Guardia Zibilaren Bizkaiko komandantzian, 2023ko maiatzean.
Emakumeak kontatu zuenez, 2022ko abenduan, Paraguain bizi zela, akusatua harremanetan jarri zen berarekin, senideen lagun baten bitartez. Lana eskaini zion Espainian, eta bidaia ordaindu ere egin zion, bazekielako biktimak ezin zuela halakorik ordaindu. Espainiara heldu zenean hasi zen engainua, eta sei hilabetez aritu zen emakumea sexualki esplotatzen.
Salaketa jarri eta gero, Guardia Zibila ikertzen hasi zen, gizakiak sexu esplotaziorako salerosteko delituaren biktima izan zelako emakumea: zaurgarritasun egoeran zegoen, engainatu egin zuten, nagusitasun abusua baliatu zuren haren kontra, lan eskaintza faltsua egin zioten, kontrol zorrotza ezarri zioten, eta ez zeukan askatasunik mugitzeko.
Jaenen harrapatu zuten
Poliziek jakin zuten akusatuak escort zerbitzuak —emakume bat kontratatzea ekitaldiren batera joateko— eskaintzen zituela zenbait webgunetan, eta maiz aldatzen zela lekuz, bera topatzea zaila izan zedin. Andaluziako (Espainia) zenbait hiritan eta Herrialde Katalanetako beste hainbatetan ibiltzen zen.
Jarraipena egin ondoren, jakin zuten akusatua bi astean behin izaten zela Jaengo etxe batean, eta han behartzen zuela biktima prostituzioan aritzera. Joan den azaroan sartu ziren, eta atxilotu egin zuten.