Aske utzi dute terrorismoa goratzea leporatuta Iturmendin atxilotutako emakumea

Batzar informatibo bat egingo dute gaur, egoeraren berri eman eta erantzun bat antolatzeko.

ESPAINIAKO AUZITEGI NAZIONALA
Auzitegi Nazionala, artxiboko irudi batean. J. DANAE / FOKU
2024ko otsailaren 7a
12:25
Entzun

Estefania Cervera atxilotu zuten atzo Iturmendin (Nafarroa), «terrorismoa goratzea» egotzita. Azaldu dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten deklaratzera, eta dagoeneko aske utzi dute. Noticias de Navarra egunkariaren arabera, sare sozialetan eginiko adierazpen batzuk dira atxiloketaren oinarria. Askek batzar informatibo bat egingo du gaur, 19:00etan, Iturmendin bertan, «erantzun herritar bat» antolatzeko helburuarekin.

Cerveraren familiak azaldu duenez, ez dakite nork atxilotu zuen 63 urteko emakumea, ezta zergatik atxilotu zuen ere. Unai Otermin senideak adierazi du Espainiako Poliziari galdetu ziotela atzo haren inguruan, baina ez zietela Cerveroren inguruko informaziorik eman.

Hala, azaldu du informazio bakarra Cerverak berak egindako «hamar-hamabost segundoko» telefono dei baten bidez jaso zutela, atzo arratsaldean. Dei hartan jakinarazi zien Madrilera lekualdatuko zutela, Auzitegi Nazionalaren aginduz; mugimendu hori inkomunikazio erregimenean egin zuten. Halere, ez dakite zein den oraintxeko egoera: «Oraindik ez dakigu epailearen aurretik pasatu ote den, libre utziko ote duten...».

Oterminek gogoratu du familiak halako egoerak bizi izan dituela aurrez ere. Izan ere, Cervera euskal preso ohi baten bikotekidea zen ─2016an hil zen hura─. Halere, azaldu du inor ez dagoela prestaturik halako egoera bati erantzuteko: «Are gehiago, hala hartzen zaituztenean. Inolako abisurik gabe, etxetik aterata, praktikoki bahiketa bat balitz bezala».

Azaldu du Iturmendiko herritarrak antolatzen ari direla. Gaur bilera bat egingo dute herrian, eta jakinarazi du zenbait bizilagun Madrilera ere joan direla Cerverari babesa ematera. Izan ere, Oterminek azaldu du hau ez dela kasu bakan bat: «Hau edonori gerta dakiokeen zerbait da. Abisu bat da; iritzi askatasuna defendatu behar dugu denok, serioski».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.