Ertzaintzak 38 urteko emakume bat atxilotu zuen herenegun Bilboko etxebizitza batean, bikotekidea hiltzen saiatzea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, Ertzaintzaren patruilak Bilboko etxebizitza batera joan ziren astelehen arratsaldeko lehenengo orduan, abisatu baitzieten liskarrak sumatzen zirela etxe hartan. Odol arrastoak zituen emakume batek ireki zien atea. Itxuraz zauririk ez zuen arren, laguntza eskaini zioten. Emakumeak agenteei esan zien bikotekidearekin eztabaidatu zuela, eta hura etxe barruan zegoela. Ertzainek lurrean aurkitu zuten gizona, konorterik gabe eta arnasa hartzeko zailtasunak zituela. Horrez gain, odola zerion bi besoetan zituen zaurietatik.
Ertzainek osasun langileei dei egin zieten, eta etxean bertan artatu zuten gizona. Hori nahikoa ez zela ikusita, osasun zentro batera eraman zuten, anbulantzian. Ordutik, ospitaleratuta dago.
Gizona ere ikertzen ari dira poliziak, indarkeria matxistako delitu bat egin duelakoan.