Espainiako Poliziak 26 urteko emakume bat atxilotu du Azkoitian (Gipuzkoa), 311 gizoni estortsioa egitea leporatuta. Adimen artifizialaren bidez sortutako irudi faltsu batekin aurkezten zuen bere burua sare sozialetan, eta hainbat gizonekin hitz egiten zuen. Behin elkarren artean konfiantza izatea lortuta, gizonei eskatzen zien argazki sexualak bidaltzeko, eta gutxienez haietako 311k bidali zizkioten. Andreak, orduan, mehatxu egiten zien: esaten zien ez bazioten diru kopuru jakin bat ordaintzen hedatu egingo zituela irudi horiek.
Espainiako Poliziak jakin du 311 gizoni egin ziela estortsioa, hala adierazten baitute atxilotuaren kontu korronteko hainbat transakziok. Baita transferentzien kontzeptuek ere: «ezaba ezazu, mesedez», «mehatxua gelditzeko bidalia» eta halako kontzeptuekin bidali zizkioten ordainketa asko. Dena dela, Poliziak nabarmendu du gizon gehienek ez dutela salatu, «arrazoi pertsonalengatik».