Hogeita hamaseiko gerra hasi aurretik ere, haurrek izan zuten eskolak euskaraz hartzeko modua. Maistrak zituzten gidari, emakume irakasleak. Politikagintzan ere hasi ziren gidaritza hartzen, eta mitinak ematen hasi zen emakume talde bat. EAB Emakume Abertzale Batza zeukan izena erakunde hark, eta 1922an sortu arren, indar handiena II. Errepublikan hartu zuen, gizartea asko aldatu zen garaian. EABk izan zuen ibilbidearen inguruko Emakumeak. Hitza eta Bizitza erakusketa dago ikusgai EHUren Karlos Santamaria zentroan, Donostian. Azaroaren 18ra arte izango da zabalik.
Tene Mujika, Julene Azpeitia, Bittori Etxeberria, Maria Biskarret, Julene Urzelai eta Elvira Zipitria izan ziren, besteak beste, EABko kideak; horietako batzuk gerora oso ezagun egin dira. Bilbo izan zen taldearen sorleku, eta II. Errepublikarekin batera, Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetara hedatu zen. Ideologiaz EAJren inguruan sortutako taldea zen. Josu Chueca Euskal Herriko Unibertsitateko Historia irakasleak azaldu duenez, Europan emakumeen parte hartze politikoaren inguruko eztabaida gori-gori zegoen, eta garai bertsuan Euskal Herriko aldizkarietan emakume izenek sinatutako iritzi artikuluak hasi ziren agertzen. Gainera, Irlandako Emakumeen Liga talde errepublikanoaren berri izan zuten. "Emakumez osatua zegoen talde hura, eta beren lanerako eredu hartu zuten".
Irakaskuntza eta politikagintza izan ziren taldearen indargune nagusiak, eta horiek landu zituzten II. Errepublikan. Ikusgai daude maistrek euskaraz irakasteko erabiltzen zituzten liburuen azalak, Txomin ikasle, Xabiertxo eta Pernando Amezketarraren pasadizoak biltzen dituen liburua, besteak beste. Materialaren zati bat EABk sortu zuen, taldean bazirelako idazleak, Julene Azpeitia, kasurako. Hala ere, kanpoko idazleek ere parte hartu zuten, Chuecaren arabera.
Ikuspegi pedagogikotik begiratuta, hezkuntza "berritzailea" izan zela nabarmendu du historialariak. "Italiatik ekarritako Montessori metodologia erabiliz irakasten zuten".
Baziren hizlari onak EABn, Julene Urzelai azkoitiarra esaterako. Ehunka hitzaldi eman zituzten Euskal Herri osoan. Erakusketan Irunberrin eta Tafallako mitinak iragartzeko erabili zituzten eskuorriak daude ikusgai (Nafarroa). Gerra garaian eta frankismoan, erbestetik lanean aritu ziren batzuk; Elvira Zipitriak, berriz, etxeetan euskarazko eskolak eman zituen.