Emakume Abertzale Batzak «emakume abertzaleen ahalduntzean» izaniko rola goraipatu du EAJk

Sabino Arana Fundazioak eta EAJk elkartearen mendeurrena gogoratu dute Bilboko Euskalduna jauregian.

EAJko ordezkariak, gaur goizeko ekitaldian, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko maiatzaren 7a
18:32
Entzun

EAB Emakume Abertzale Batzako kide izandakoei omenaldia egin diete Sabino Arana Fundazioak eta EAJk, Bilboko Euskalduna jauregian. «Aitzindari haiek berdintasunerako bidea argitu zuten; egungo emakumeoi dagokigu orain sugar hori bizirik iraunaraztea eta hasitako ibilbidea osatzea», adierazi du fundazioko presidente eta EAJren Euzkadi Buru Batzarreko idazkari Mireia Zaratek, elkarte haren mendeurrena ospatzeko ekitaldian.

Zaratek adierazi du EABk «funtsezko lana» egin zuela «emakume abertzaleak ahalduntzen eta esparru politikora bideratzen», baita euskara eta euskal kultura transmititzen ere. Haren hitzetan, elkartearen helburu nagusia emakumeak «eremu publiko eta pribatu guztietan ezinbestekoak» direla aldarrikatzea izan zen, eta «oinarrizko lan bat» egin zuen eremu horretan. Gaur egunera begira jarrita, berriz, EAJk «berdintasuna, feminismoa eta aniztasuna babesteko» eginiko lana goraipatu du, eta gehitu alderdiak «berdintasunaren esparruan politika ausartak» sustatzen jarraitzeko asmoa duela.

Bere hitzartzean, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak «herri honekiko konpromisoa» eskertu die Emakume Abertzaleen Batzako kide izan zirenei: «Etorkizun aske batekin amesten zuten eta etorkizun horren egile izan nahi zuten; eta egin zuten». Are gehiago, lan hori gerra garaian, erbestean eta diktadura baten pean gauzatu izana txalotu du. Hala, «haien ahaleginaren fruitutzat» jo du diktadura ostean emakumeek instituzioetan izan duten rola; besteak beste, aipatu du EAJkoak izan zirela 1980an Eusko Legebiltzarrean eserleku bat lortu zuten lau emakumeak.

Ekitaldian presente egon dira alderdiko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetako beste zenbait kide esanguratsu ere; besteak beste, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria, eta Arantxa Tapia, Gotzone Sagardui, Olatz Garamendi eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburuak. Han izan dira EABko kide izandako batzuen ondorengoak ere.

Emakume Abertzaleen Batza eratzeko lehen urratsak 1922ko apirilean egin zituzten, Ambrose Martin O'Daily irlandar abertzaleak Irlandaren independentziaren alde Bilbon eta inguruetan eginiko hitzaldi sortak bultzatuta. Hala, urte hartako maiatzaren 7an eratu zuten taldea, Cumann na mBam izeneko emakume irlandar abertzaleen erakundearen eredua jarraituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.