Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Marian Beitialarrangoitia. EH Bildu

«Emaitzek zehaztuko dituzte hurrengo urratsak»

Koalizio subiranistaren Gipuzkoako zerrendaburuarentzat, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ez dira helmuga bat, baina balio dute Euskal Herrirako proiektuen arteko lehiarako.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Andoain
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Gipuzkoako beste hautagaiekin Euskadi Irratian eginikoeztabaida batetik iritsi da Martin Ugalde kultur parkera (Andoain, Gipuzkoa). Ostirala da, eta nekerik ez zaio nabari oraindik; «eroso» dabil kanpainan Marian Beitialarrangoitia (Legazpi, 1968).

Emaitzei begira, zuen helburu nagusia da talde parlamentarioa osatzeko adina boto eta ordezkari lortzea?

Bai. Denari buruz erabaki nahi dugunez, uste dugu Madrilen gure ahots propioa izandaEuskal Herrian hartzen ditugun erabakien defentsa irmoagoa egin ahal izango dugula.

Eta Euskal Herrira begira, zein duzue erronka nagusia?

Nire helburua Gipuzkoan lehen indarra izatea da. Baina, bereziki, botoek balio behar dute hemen egin behar den lanaren indar bilketarako, herri honek bere erabakiak hartzeko urratsa egin dezan. Beraz, jokaleku nagusia Euskal Herrian dago, eta Madrilera goaz hemen egingo dena errespetaraztera.

Baina aliatu gutxi dituzue han; ezer lortzeko aukera gutxi.

Gutxi edo ezer ez dugu espero handik. Baina ez gara irla batean bizi. Aukera egongo balitz egungo sistema sozialean eta ekonomikoan hobekuntzak egiteko, lagunduko genuke.

Baita gobernua aldatzeko behar bada ere?

Kolore diferenteak izanda ere, alderdi denak agertzen ari dira Espainiaren batasunaren berme gisa. Aldaketarik ez dugu ikusten. Duela 40 urte bezala, haustura beharrezkoa da oraindik ere.

Espetxe politikan berdin al dizue nork agindu?

Oso antzeko politikak egin dituzte batzuek eta besteek 30 urte luze hauetan. Agintzeko aukera dutenenekin ez dago aurrera egiterik. Gatazkaren konponbiderako behar diren gehiengoak hemen ere artikulatu behar dira, Madrili presio egiteko, han baitaude giltza batzuk.

Esan duzu ez dela mugituko.

Bukatu da inoren zain egotea. Desiragarriena litzateke akordioa, baina batek ez duenean nahi, ezin da zain egon. Horregatik esaten dugu herri gisa egin behar dugun bidean doala gatazkaren konponbidearena ere. Garaia iritsi da gure kabuz erabakiak hartzeko.

Duela 40 urte ere defendatzen zenuten haustura, baina herritarrek beste aukera batzuen alde egin zuten, eta egin dute orain arte behintzat.

Hautu hori egin zuten asko —horietako batzuk EH Bildun daude gaur egun— konturatu dira amaituta dagoen bide batean tematzeak ez garamatzala inora. Badago abagunea eta gehiengo sozialajauzi hori egiteko.

Gara egunkariak berriki kaleratutako inkesta batek dio ezetz, Kataluniako ereduak ez duela babes handirik hemen.

Gu ez gara esaten ari Kataluniak egin duena hona ekarri behar dugula. Esaten ari gara gure bide propioa erabaki behar dugula eta muga bakarra herritarren erabakia dela. Herritarrek erakutsiko digute zein den gure bidea.

Boz hauetan Ahal Dugu-ri botoa ematea ez al da eraginkorragoa erabakitzeko eskubidea eta eskubide sozialak defendatzeko?

Espainiarako proiektua da haiena. Egia da erabakitzeko eskubidea defendatzen dutela, baina Espainia batu baten alde. Guk esaten dugu euskaldunok erabaki behar dugula gure bidea. Gu garela Euskal Herria bere osotasunean hartzen duten bakarrak, hori berma dezaketen bakarrak. Eta euskal estatua da gure helburua. Abiapuntua eta helmuga diferenteak dauzkagu, beraz.

Baina boto-emaile batzuk egon daitezke jokoan zuen artean. Kezkatuta zaude horrekin?

Nik ez dut dudan jartzen erabakitzeko eskubidea defendatzen dutenik, baina ikusi beharko da Espainian indar nahikoa duten hori lortzeko: ez dut uste oso errealista denik planteamendu hori. Gehiengoek ahalbidetu arte beste 40 urtez itxaron? Guk ezetz diogu. Erabakitzeko eskubidea ez digu inork aitortu behar; izan badugunez, gu bagoz.

Zuen ustez, zerk gertatu beharko luke EAJk ere kode horietan jarduteko?

Behar duguna da hemen ere gehiengo sozial aktibo bat. Eta, nire ustez, dagoeneko aktibatzen ari da hori Gure Esku Dago-n. Hor biltzen ari gara bai EAJkoak, bai gu, bai beste alderdi batzuetakoak. Akaso behar da gehiengo hori irudikatzea, aktibatzea eta horren inguruan lanean jartzea. Ni ez naiz nor esateko hori zenbat denboran egingo den; gizarte zibilari dagokio hori.

Eta zein neurritan bozak ez dira erabakitzeko eskubidea defendatzen duzuenen artean lehiatzeko ere, bakoitzaren proposamenaren indarra neurtzeko?

Emaitzek jarrera bat indartuko dute, eta erakutsiko dute gizarteak apustu gehiago egiten duela baten alde beste baten alde baino. Prozesuan egin behar den hurrengo urratsa zehaztuko dute, hein batean. Nekezagoa baita ahul ateratzen dena gero indarra hartzea.

Ezker abertzalea hausnarketa fasean dela egingo dira hauteskundeak. Emaitzek nola eragingo dute prozesu horretan?

Prozesu honetan —edo hauetan, EH Bildun ere ari garelako eztabaidan— ez da zalantzan jartzen orain arte egin dena; egin denetik zer izan den eraginkorra eta zer ez ari gara aztertzen. Tenore honetan hori egitea ez da txarra, oztopoa baino gehiago aukera bat da, herri gisa ditugun erronkei erantzun nahi dion tresna bat garen neurrian.

Azken hauteskundeetan EAJ izan duzue aurretik. Zertan ikusten dituzue jeltzaleak?

Betikoan. Txikira jokatzen. Lortuko duen indar hori bere negoziotxoak egiteko eta gaur egun daukagunaren defentsan kateatu nahian denok, inoiz etorriko ez den aldebikotasunaren bila. Gu ez gaude hor.

Eta «egun daukagun» hori babesteko zuen botoa beharrezkoa balitz Madrilen?

Guk ez dugu zalantzan jartzen gaur egungoa, baina ez da gure helmuga, gure abiapuntua da.

Baina arriskuan egongo balitz?

Ikusi beharko litzateke zer den proposatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.