Eduardo Maurak (Bilbo, 1981) baditu pozik egoteko arrazoiak: Ahal Dugu Euskal Herriko lehenengo indar politikoa da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, ia 400.000 boto eta zazpi diputaturekin. Esan duenez, Madrilera iritsitakoan egingo duen lehenengo gauzetako bat izango da gainerako euskal diputatuekin biltzea.
Jende askorentzat ezusteko handia izan da Ahal Dugu-k Euskal Herrian lorturiko arrakasta. Zuretzat?
Kanpainan ikusi genuen gauzak oso ondo zihoazela. Jendeak ondo hartzen zituen gure proposamenak, eta, batez ere, hurbiltzen ziren galdetzera edo proposamenak egitera. Beste alde batetik, erakundea oso ongi koipezturik genuen kanpainarako. Kanpaina egiteko gogo handia genuen, inork baino mahai gehiago antolatu ditugu, eta ustez hedabideek eta mezu handiek asko markatu behar zuten kanpainak tokian tokiko osagai garrantzitsua izan du.
Nondik iritsi zaizkizue botoak?
Oraingoz zaila da esatea, baina leku guztietan sartu gara indartsu. Bilbon bigarren indarra gara, EAJtik 4.000 boto eskasera, baina hainbat barrutitan gailendu gara. Lehenengo indarra gara Donostian, Gasteizen, eta oso desberdinak diren zenbait herritan; Arrasaten (Gipuzkoa) eta Trapagaranen (Bizkaia), esaterako.
Emaitzei buruz zein analisi politiko egiten duzue?
Uste dut instituzioak kudeatzen dituzten alderdientzat, EAJ eta PSE-EErentzat, abisu bat dela. Hain pozik dituen itun horrek jende asko uzten du kanpoan.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Ziklo bat amaitu da Espainian, baina Euskadin ere bai: izan ere, bazegoen diskurtso bat, alegia, hemen gauzak hobeto egiten direla, eta arazotxo batzuk bazeuden arren eta krisiaren ondorioak nabaritzen ziren arren, hemen ondo zihoala dena. Jendeak esan du hemen ere nahi duela aldaketa, aldundiak gardenagoak izan daitezela, Jaurlaritza herritarren zerbitzura aritu dadila, Kutxabank edo Iberdrolaren interesen alde egin beharrean eta abar. Datuen irakurketa egiazkoa egin nahi duenak ikusi behar du badagoela aldaketaren aldeko boto bat, abagunearen ondorio ez dena, EAJ eta PSE-EEren arteko itunak kudeatzen dituen erakundeek defizit handia dutelako gizarte politiketan.
Ahal Dugu-ren emaitzok abagunearen ondorio dira —Espainiako hauteskundeak, PPren gobernua kanporatzeko nahia— edo botoak geroko ere iritsi zaizkizuela uste duzu?
Euskadin emaitzak beti aldatu dira hauteskundeen izaeraren arabera, gizarte konplexu eta politizatua dagoelako. Gure botoen zati bat hortik iritsi da, batzuek ulertu dutelako Madril aldatu behar dela Euskadi aldatu ahal izateko. Nazio aniztasunaren gaian, adibidez, inoiz ez da egon estatu mailako alderdirik erabakitzeko eskubidea defendatu duenik.
Beraz, etorkizunean gauzak alda daitezke.
Litekeena da, baina, beste aldetik, badago beste joera bat, eta hori hemen gelditzeko iritsi da:Euskal Herrian lau aldek zedarritutako betiko eskema politikoa aldatzen hasi da. Ahal Dugu euskal alderdia da, ongi errotua, alderdi gaztea bada ere badarama denbora lanean, ordezkaritza zabala du foru erakundeetan eta udal askotan, eta inork egiten ez zuen eskaintza egiten du: estatu mailako dimentsioa izanik ere, nazio aniztasuneko benetako ikuspegia, eta gizarte eskubideen defentsa irmoa.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, ondoriorik atera daiteke?
Guk Madril aldatu nahi genuen Euskadi aldatzen hasteko, eta Gasteizera ere joan nahi dugu aldaketa horrekin jarraitzeko. Uste dut hauteskunde horiek berebiziko garrantzia izango dutela.
Euskal Herrian eta Katalunian lehenengo indarra zarete. Zein interpretazio du horrek?
Orain arte beti esan da ezinezkoa zela erabakitzeko eskubidea defendatzen zuen alderdi batek estatu mailan arrakasta izatea. Podemosek 5,2 milioi boto izan ditu, eta, nire ustez, daturik esagunguratsuena zera da: Euskadin eta Katalunian lehenengo indarra izanik, bigarren indarra gara Madrilen, leku guztietan erabakitzeko eskudearen aldeko mezu bera aurkeztuta.
Espainiako emaitzak ikusita, ba al dago aukerarik ezkerreko bloke alternatiboa osatzeko PPren aurrean?
Guk argi esan dugu, eta uste dut inork ezin zuela besterik espero, ezezkoa emango diogula Rajoy buru duen edozein gobernuri. Eta orain, PSOE da bidegurutzean dagoena.
Zergatik?
Behin eta berriro esan dutelako beraiek ere aldaketarako eragile direla, zenbait unetan gure proposamenak kopiatzera iritsi dira, eta orain PSOEk garrantzi handiko erabaki bat hartu beharko du: ez badu ulertzen Espainiako Estatua nazio anitzek osatutakoa dela, eta gizarte eskubideak blindatu egin behar direla, arituko da PPri gobernua musu truk ematen.
Beraz, bi horiek dira PSOEri jarriko dizkiozuen baldintzak?
Jada ez dira Podemosen baldintzak, gu ez baikara sartuko ministerioen inguruko negoziazio batean; sen onak agintzen dituen baldintzak dira, eta horiei ekiten ez badie, hortik aterako den gobernuak ez du zerikusirik izango errealitatearekin, milioika herritar kanpoan utziko lituzkeelako eta miloika herritarren beharrei bizkarra emango liekeelako.
Bi gai horiei erantzun egin behar zaie. Nazio aniztasunaren arazoari irtenbide politikoa eman behar zaio, galdeketa egiteko aukera emanez hala eskatzen duten herrialdeei, eta Kataluniakoa presazkoagoa bada ere nik uste dut Euskadi ere horietako bat izango dela; eta lan eta gizarte eskubideak blindatu egin behar dira. Ikusiko dugu horren aurrean PSOEk zer dioen.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Eduardo Maura. Ahal Dugu-ko Bizkaiko diputatua
«Emaitza hauek abisu bat dira EAJrentzat zein PSE-EErentzat»
Abaguneak eta kanpainaren izaerak emaitzetan eragina izan dutela onartu arren, Maurak uste du Ahal Dugu «hemen gelditzeko» iritsi dela Euskal Herriko politikara, «eskaintza berria» egiten duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu