Jarrairen sorreraren 40. urteurrena. Liburu aurkezpena

Eltze zatien transmisio tresna

Ezker abertzalearen gazte antolakundeen 40 urteko historia biltzen duen liburu bat aurkeztu dute. «Memoriarako» eta belaunaldi arteko «transmisiorako» lanabes izatea nahi dute koordinatzaileek

Arratsaldean egin zuten liburuaren aurkezpen soziala, Añorgako zinema zaharrean. Bertan izan ziren lanaren hiru koordinatzaileak: Ormazabal, Sienra eta Iraola. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Eduardo Galeano idazlearena da metafora: «Erretiroa hartzekotan den eltzegileak bere piezarik onena eskaintzen dio gazte hasiberriari. Eta eltzegile gazteak ez du oinordetzan jasotako maisu lanari begiratzeko eta hori miresteko gordetzen; aitzitik, lurraren kontra lehertzen du, mila puskatxotan hautsi, puskatxoak jaso eta buztinaz lotzen ditu atzera ere». Pasartea ...Eta segi aurrera! Ezker abertzaleko gazte antolakundeen 40 urteko historia bat liburuaren hitzaurrean ageri da, eta lanaren koordinatzaileek horrela irudikatu dute zer izan den Jarraitik Ernai eta Aitzinarako lau hamarkadako ibilbidea: osagai berdinetatik abiatuta osatutako eltze berria.

Atzoko egunez duela 40 urte eratu zen Jarrai, gazte antolakundea sortzeko batzarraren bigarren zatian, Beasainen (Gipuzkoa). Eta efemeridea baliatuta aurkeztu zuten atzo liburua; «memoria» ariketa bat eta belaunaldien arteko «transmisiorako» lanabes bat izan nahi duena, liburuaren koordinatzaileen esanetan.

Txalapartak argitaratu du liburua, eta, Garazi Arrula argitaletxeko editoreak azaldu duenez, lan «kolektiboa» izan da: Markel Ormazabal, Irati Sienra eta Xabier Iraola izan dira koordinatzaileak, eta zazpi lagun aritu dira lanean. Era berean, pasarte batzuk lehen pertsonan daude idatzita, testigantza gisa: horrek testua «aberastu» egiten duela uste du Arrulak, «beste ikuspegi bat» ematen diotela liburuari.

Horrela, lau hamarkadatan eginikoaren «bilduma bat» jasotzen du liburuak, «ziur aski osatu gabea», Arrularen hitzetan: «Egin diren topaketak, eztabaidak eta abarrak daude jasota; urteotako borrokak eta lorpenak». Ezker abertzaleko gazte antolakundeen ibilbidean landu eta liburuan ageri diren gaien aniztasuna ere nabarmendu zuen, besteak beste soldadutzari, drogen kudeaketari, feminismoari, hezkuntza alorreko eztabaidei eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanei buruzko gogoetak bildu baitira.

Liburua hedabideen aurrean eguerdian aurkeztu bazuten ere, arratsaldean egin zuten aurkezpen soziala. Bertan, 40 urtean gazte antolakundean aritutako kide eta kide ohiek hitza hartu zuten, beren belaunaldiko bizipenak kontatzeko. Horrekin, Ernaik eta Aitzinak amaitutzat eman dute Bulkada berrien garaia da dinamika, Jarrairen sorreraren urteurrenaren harira iaz abiatutakoa. Xabier Iraola liburuaren koordinatzaileak aurkezpenean azaldu zuenez, dinamika horren barruan egitasmo ugari egin dituzte, baina liburuari «garrantzi berezia» aitortu diote: «Balio erantsia dauka».

Ilegalizazioaren «etendura»

Iraolak azpimarratu zuen «transmisioaz eta memoriaz» sarri jardun dutela liburuan, iritzita «irakaspen asko» atera daitezkeela iraganetik eta aurreko belaunaldien esperientzietatik: «Ilegalizazioaren ondorioz etendura handi bat egon dela ikusten genuen. Horregatik, ariketa honek garrantzi berezia zeukan. Ekarpena egiten dio hariari segida emateari». Ildo beretik jo zuten Iraolak berak eta Izar Hernando Ernaiko bozeramaileak arratsaldeko aurkezpenean: «Gure memoria ezin du inork dekretu bidez zehaztu, egin egiten da. Eta soilik guri dagokigu hori egitea». Iraolak «katebegi ezinbestekotzat» dugazte antolakundea: «Horregatik egon gara jomugan eta izan gara kolpatuak».

Jarrairen «estratan» aritu zen Gazteriak; duela 40 urte sortutako antolakundearen lekukoa hartu zuen Haikak, eta Segik Haikarena. Ilegalizazio urteen ostean eratu ziren Ernai eta Aitzina. Atzera begira, Iraolak uste du Jarrai sortu zutenek «asmatu» egin zutela, «bereziki gazte problematika eta askapen prozesua batzen, bien uztarketak potentzial ikaragarria askatu duelako». Bilakaera horretako hainbat ondorio nabarmendu zituen; esaterako, feminismoak hartu duen protagonismoa: «Lehen lerrora ekarri dugu proiektu politikoan eta militantzian». Beste ondorio bat da antolakunde horiek «harrobi bat» izan direla kideentzat: «Zenbat milaka pertsona dauden herrigintzan, kulturgintzan edota erakundeetan, gazte erakundetik pasatu direnak».

Zentzu «terapeutikoa»

Ormazabalek xehatu zuen liburua osatzeko prozesua. 53 pertsona elkarrizketatu dituzte, zazpi taldetan eta garaiaren arabera bilduta. Artxibo lanarekin osatu, eta bost «eltzekada» edo ataletan banatu dute testua. «Gauza asko» geratu dira kanpoan, halere. Taldeetan, anekdotak kontatzean, «inoiz baino askeago» mintzatu ziren elkarrizketatuak, Ormazabalek antzeman duenez: «Segur aski, lehen aldia da halako bizipenak kontatzen dituztena». Militantzia garaiaren arabera, ordea, desberdinak izan ziren elkarrizketak: zenbat eta atzerago joan, «zentzu terapeutiko bat» izan zuten: «Denboran gerturatu ahala, tentsioak handiagoak ziren». Eta horien artean, bitxikeria bat: «Bitxia da ikustea haien artean duela 25 urteko eztabaidak errepikatzen zirela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.