Berriro ere Donostiako alkate izateko ahalegina egingo du Odon Elorzak. Donostiako PSE-EEren taldeetako idazkari nagusiei bidalitako mezuan, alkatetzarako hautagai izateko primarioetara aurkeztuko dela iragarri du. Marisol Garmendia izango du lehiakide —PSE-EEren Donostiako zinegotzia eta eleduna da egun—.
Elorzak dio egun Donostiak dituen arazoen inguruan «batzuek duten autokonplazentziak» eta «besteek duten zalantzak» kezkatzen duela, eta azpimarratu du Donostiak «lidergoa» behar duela. Are, uste du gai dela EAJri aurre egiteko «B plan» bat aurkezteko.
Hala ere, dio «oso kontziente» dela primarioetara aurkezteko behar beste babes biltzeko izango duen «zailtasunaz». Edozein modutan, lortuko balu, eta ondoren primarioetan garaile izango balitz, Espainiako Kongresuan duen diputatu karguari uko egingo liokeela aurreratu du, «programaren prestaketan eta kanpainaurrean» buru-belarri aritzeko. Halaber, alkate izanez gero soldatari uko egingo diola zehaztu du, eta bere pentsiotik biziko dela.
Primarioen harira, Donostiako PSE-EEri zenbait galdera egin dizkio Elorzak, tonu kritikoan. Hain zuzen, eskatu dio argitzeko primarioak zer epetan egingo diren, hautagaitzak eta babesak nola aurkeztu beharko diren eta informazio hori guztia militanteei noiz eta nola jakinaraziko zaien.
Marisol Garmendiak azaldu du Elorzaren erabakiak ez duela harritu: «Etxebizitza politikari buruzko bilkura batera ere etorri zen, ikusle gisa». Alkate ohiak primarioetara aurkezteko eskubidea duela esan du zinegotziak, baina nabarmendu orain bere txanda dela: «Gogoa, ilusioa eta anbizioa dituen emakume batek sozialistak gidatzeko garaia da».
Elorza 20 urtez izan zen Donostiako alkate. 1991n iritsi zen alkatetzara, EAJrekin egindako akordio bati esker —hauteskunde haietan hirugarren indarra izan zen PSE-EE, Eusko Alkartasunaren eta Herri Batasunaren atzetik—. 2011ra arte egon zen karguan, jeltzaleekin eta PPrekin akordioak eginda. Urte hartan, Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, eta Juan Karlos Izagirre izendatu zuten alkate. Ordutik, Espainiako Kongresuan diputatu izan da Elorza.
Elorza Donostiako alkategai izateko primarioetara aurkeztuko da
EAJri aurre egiteko «B plan» bat aurkezteko gai dela adierazi du Odon Elorzak. Garmendiarekin lehiatuko da PSE-EEren hautagai izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu