UPNren udal gobernuaren kontrako zentsura mozioa aurkeztu dute Noain-Elortzibarren (Nafarroa). Aldatu Elortzibarrek, Harana Gara-k eta AINE Noain-Elortzibarko talde independenteak egin dute, eta Sebastian Marko alkateak hamar eguneko epea du orain bilkura batera deitzeko. Hiru taldeek gehiengo osoa lukete, hamahiru zinegotzietatik zazpi, eta adostua dute agintea nola banatu hemendik aurrera.
Hiru alderdi horien arabera, egungo udal gobernuak informazioa ezkutatu dio oposizioari, «oposizio eraikitzaile baten ekiteko eta erabakitzeko gaitasuna murriztuz». Salatu dute UPN gehiengo osoa balu bezala ari dela, eta jarrera hori txarretsi diotela behin eta berriz: «Baina udalerriaren erabakietatik aparte uzten gaituen jarrerari eustea erabaki dute».
Hala, programa bat adostu eta bidea aldatuko duen zentsura mozio bat aurkeztea erabaki dute. Hain zuzen, Aldatuk eta AINEk hiruna ordezkari dituzte udal batzarrean, eta Harana Gara-k bat. UPNk, berriz, bost ditu. Azken eserlekua PSNko ordezkariarena da, baina hark ez du bat egin mozioarekin, eta ez da batuko gobernu berrira.
Azaldu dutenez, Aldatu alderdiko Luis Maiak hartuko du alkatetza urtebetez, AINEko Mikel Navarro alkateorde duela. Ondoren, eta legealdia amaitu arte, karguak aldatuko dituzte. «Gobernu talde berritik eskua luzatuta lan egiteko konpromiso sendoa adierazten dugu, iraganeko desadostasunetatik haratago, gure haraneko zerbitzuak hobetzeko».