2024ko Ellakuria saria nori eman erabakitzean, aho batez hartu zuen erabakia epaimahaiak: NBE Nazio Batuen Erakundearen mendeko UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari. Eusko Jaurlaritzak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren bidez banatzen du sari hori urtero, garapenerako lankidetza saritzeko. Gaur egin dute sari banaketa, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eman dio saria Oroba al-Musa UNRWAko Jordaniako hezkuntza programaren arduradunari. «Etengabe izandako gatazketan Palestinako herriaren alde 75 urtez izan duen konpromiso, ibilbide eta dedikazioagatik» omendu dute UNRWA.
Erakunde sarituaren lana nabarmendu du Irina Rabalo epaimahaiko presidenteak, eta zehaztu du saria jasotzea merezi duela, «benetako arriskua baitu desagertzeko». Horrek Palestinako biztanleei «babeserako eskubidea kentzea» ekarriko luke, baita «haien lur eta etxeetara itzultzeko eskubidea kentzea» ere. «Gatazka honetan zailtasun askorekin egin du topo UNRWAk, eta beti erakutsi du baduela indarra», erantsi du Rabalok.
Agentziaren lana ere aitortu du Pradalesek, eta zehaztu du 1949az geroztik «milioika pertsonaren duintasuna eta osotasuna babestu duela eta aterpea, osasun arreta, hezkuntza eta funtsezko zerbitzuak» eman dizkiela. Are, gogoratu du UNRWAko kide asko hil egin dituztela 2023ko urriaren 7az geroztik: «Bizia arriskuan jartzen ari zaretela jakinda ere hor jarraitzen duzue».
«Lankidetza eta elkartasuna»
Kezkatuta agertu da lehendakaria, mundua «norabide kezkagarria» hartzen ari baita: «Sumindu eta haserretu egiten gaitu ikusteak Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak milioika pertsona haien etxeetatik eta herrialdetik atera nahi dituela, eta bonbek suntsitutako leku batean resort erraldoi bat eraiki nahi duela». Are, «dena galdu duten pertsonekiko sentiberatasunik eza» egotzi dio. Egoera hori ikusita, lankidetza eta elkartasuna funtsezkotzat jo ditu.
Al-Musak eskertu egin du aitortza. Bere ardura den Jordaniako hezkuntza programak hitzarmena du Jaurlaritzarekin, Palestinako errefuxiatuei eskaintzen zaien lanbide heziketa eraldatzeko. Al-Musak esan duenez, lanean jarraituko dute palestinarrentzat konponbide bat topatu arte.
NBEko Batzar Orokorrak sortu zuen UNRWA, 1949an. Nakbatik urtebetera, hain justu. Izen horrekin oroitzen dute palestinarrek 1948ko maiatzaren 15a: duela 76 urte, Israelek jazarpen kanpaina hasi zuen, 700.000 palestinarri baino gehiagori etxea kentzeko eta haien bizilekutik kanporatzeko. Erakundearen helburua da palestinar errefuxiatuei hezkuntzarekin, osasunarekin eta beste zerbitzu sozialekin lotutako laguntza ematea.
33.000 langile
UNRWAk 33.000 langile inguru ditu; horietatik %99 palestinarrak dira. Eta Gazan, Zisjordanian, Libanon, Jordanian eta Sirian jarduten du. Jaurlaritzaren arabera, Gazako zerrendako laguntza humanitarioaren %60 erakunde horrek kudeatzen du.
1967ko Sei Eguneko Gerran Israelek Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea okupatu ondoren, UNRWAk akordioa egin zuen Tel Avivekin, agentzia arduratu zedin palestinarrei oinarrizko zerbitzuak bermatzeaz. Iazko urrian, Israelgo Parlamentuak (Knessetek) bertan behera utzi zuen hitzarmen hori, eta bi lege onartu zituen UNRWAri Israelen jardutea debekatzeko. Urtarrilean, erakundeko 50 langile ingururen bisak baliogabetu zituen Israelgo Gobernuak, eta horietako hainbat Amman Jordaniako hiriburuan daukaten egoitzara joan ziren, UNRWAko iturri bat aipatuz EFE berri agentziak jakinarazi zuenez.
Ellakuria sariarekin batera, Euskal Herrian aitorpen ugari bildu ditu UNRWAk. Iazko abenduan, Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin saria eman zion, eta Nafarroako Gobernuak ere omendu zuen iaz.