Elkoro bihar geldituko da libre, bost urte kontrolpean egin ostean

Erredakzioa
Donostia
2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Bost urtez etxean preso eta eskumuturreko telematikoarekin egin ondotik, bihar geldituko da libre Jose Luis Elkoro ezker abertzaleko kide historikoa. 18/98 auzian zortzi urteko zigorra ezarri zioten, eta horietatik hiru egin zituen Espainiako hainbat espetxetan. 2010ean irten zen kontrol telematikoarekin, eta egunero hainbat orduz Bergarako (Gipuzkoa) bere etxean egoteko aginduarekin egin ditu geroztik bost urte. 80 urte dauzka egun, eta biharko jarri diote hitzordua Martuteneko (Gipuzkoa) espetxean, orain orkatilari lotuta daraman kontrol telematikoa behin betiko kentzeko. Astero espetxera joan behar izan du sinatzera bost urte horietan.

Elkororen senitarteko eta lagunek, autobusak antolatu dituzte biharko, euren herrikideari espetxeraino laguntzeko. Eta Bakea eta Batasunaren gurpila izeneko ekitaldia ere antolatu dute, ostiralerako, Bergarako plazan (19:00). Han parte hartuko dute, besteak beste, Mariano Ferrerrek, Juanjo Alvarezek, Jose Antonio Altunak, Bergarako alkate izandako denek, Maite Aristegik, Peio Hospitalek, Patxo Murgak, Isidro Murgak, Pablo Gorostiagak, Arnaldo Otegik —idatziz—, Mari Carmen Aiastuik eta Elkorok berak. 18/98 makrosumarioaren barruan, baina Orain SA sumarioari dagokion arloan zigortu zuten Elkoro. Berriki libre gelditu diren besteak dira Patxi eta Isidro Murga anaiak, Xabier Alegria, Pablo Gorostiaga, Teresa Toda eta Manuel Intxauspe. Jexuxmari Zalakainek irailaren 27an dauka jarrita irteteko data, Javier Salutregik urriaren 20an, eta Carlos Trenorri bi urte baino gehiago falta zaizkio.

Etxerat ere Bibon izango da

Iñigo Urkullu lehendakariak ostiralerako Bilbon deitu duen bilkuran «sakabanaketak hildako 16 biktimen ahotsa» eramango duela jakinarazi du Etxerat elkarteak. Bileraren «hutsuneak» helarazi nahi dizkio elkarteak Urkulluri, eta kontzentraziora deitu du Euskal Memoriaren Institutuaren aurrean (11:30). «Inor kanpoan utziko ez duen kontakizuna jasotzeko», euren ekarpenen berri eman nahi diote lehendakariari, «sakabanaketaren ondorioz hildako 16 lagun horiek» ez baitira agertzen Bizitzarako Eskubidearen Urraketan Udal Erretratuak (1960-2010) txostenean. Atzo jakin zen Urkulluk bilera horretan alderdi politikoek ere parte hartzea nahi duela. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEri eskatu die izenda dezatela alkate bozeramaile bana, bilerarako.

Bermeon (Bizkaia) euskal presoen alde egitekoak ziren bi ekitaldi bertan behera utzi zituen atzo Bilboko Administrazio Auzietarako Epaitegiak. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkariaren eskaria aintzat hartu du epaileak horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.