Elkartzen-ek dio hiru pertsonatik bat pobre bizi dela

Herritarrek gutxienez 894 euro jaso beharko lukete hilean, eskubide sozialen alde lanean ari den elkartearen arabera

Elkartzen-eko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Donostian. J. C. RUIZ / ARP.
Oihan Vitoria.
Donostia
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bazterkeria «gaitza» bukatu eta aberastasuna banatzeari ekiteko, hainbat egitasmo proposatu dituzte Elkartzen mugimenduko ordezkariek. Urteak daramatzate Euskal Herriko eskubide sozialen alde lanean. Aurten ere haien asmoen berri eman dute. Batetik, pobreziaren muga BPG per capita-ren %37,5ean finkatzea nahi dute. «Diru laguntza guztiak horren gainetik egon beharko lirateke». Datuen arabera, aurtengo pobreziaren muga 10.730 eurokoa izango litzateke Hego Euskal Herrian, eta herritarrek 894 euro jasoko lituzkete, gehienez ere, hilean. Gaur-gaurkoz, hiru lagunetik batek mugatik azpiko diru sarrerak ditu. Bestetik, Euskal Herriko pobreziaren mapa sendotu asmo du Elkartzen-ek. Hartara, hainbat eragilerekin jarriko da harremanetan hurrengo hilabeteetan, pobreziaren mapa «zehaztasun handiz» marraztuz joateko.

Donostian egin zuten atzo agerraldia Elkartzen-eko ordezkariek, Trinitate plazako pilotalekuan. Frontoiko txapa baliatu dute paralelismo bat egiteko. Bizitzeko duinak diren diru sarrerak eta ez direnak banatzeko lerro gisa irudikatu dute. Pobreziaren muga deitu diote. Kezkaz agertu dira. «Kapitalismoak lerroa itxuragabetu eta ikusezin bihurtu nahi du. Ez dugu onartuko diru sarrerak txapa —muga— azpitik egotea». Elkarteko kide Vanessa Ziaurritzek salatu du egungo sistemak «geroz eta sektore gehiago» kondenatzen dituela pobreziara, lan eta gizarte eskubideak etengabe ari direlako murrizten. «Kapitalismoak berezkoa du pobrezia, eta areagotzen ari da».

Ziaurritzek oroitu du munduko biztanleen %1 aberastasunaren %43aren jabe dela. Bidegabetzat jo du; izan ere, Euskal Herriko herritarren herenak 894 euro baino gutxiago jasotzen du. «Indarrean dauden laguntzak ez dira bizirik irauteko mugara heltzen». Kopuru bereko laguntzak aldarrikatu ditu. Egoerari buelta emateko, astelehenean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.