«Konponbide bakarra da Erorien Monumentua kentzea eta suntsitzea. Funtsean, eraikin hori eraistea». Nafarroako elkarte memorialistek, prentsa ohar baten bidez, gogor kritikatu dute Iruñeko udal gobernuak atzera bota izana Erorien Monumentua eraisteko euren eskaera. Argudiatu dute juridikoki Espainiako Memoria Demokratikoaren legeak modua ematen duela horretarako. Urtarrilaren 18an, aldarrikapen hori kalera eramango dute.
Manifestazioa 18:00etan aterako da Erorien Monumentutik bertatik, Askatasunaren plazatik. Urtarrilaren 18an, eraikina eraistearen aldeko herritarrak bildu nahi dituzte «egia, justizia eta erreparazioa izateko frankismoaren biktimen eskubideen defentsan, berriro ez errepikatzeko bermearekin». Manifestazioak Karlos III.aren etorbidea zeharkatuko du, eta Gazteluko plazan amaituko da.
Azaroaren 20an, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik akordioa hitzartu zuten 1942an altxatutako eraikin horri beste esanahi bat emateko. Alderdi sozialistak ez du bat egiten eraikina botatzeko eskaerarekin, eta korapilo horri «nolabaiteko konponbidea» eman nahi izan dio akordioak. Agerraldi hartan, hitzarmen politikoaren garrantzia azpimarratu zuten hiru alderdiek.
Erreakzio sorta eragin zuen erabakiak. Memoria historikoarekin lotutako 30 eragile inguruk bat egin zuten akordioarekin adierazpen batean. Alderantziz, hautsak harrotu zituen elkarte memorialisten artean. Iruñeko eta Nafarroako gobernuen barruan, Zurekin Nafarroa ere aurka agertu zen, irmo.
Ebazpena eta argudioak
Azaroaren 23an, elkarte memorialistek traiziotzat jo zuten akordioa, eta salatu zuten ez zutela haren edukiaren berri izan bezperara arte. Izan ere, alderdiak negoziatzen ari ziren bitartean, urriaren 16an, udalean eraikina eraisteko eskaera erregistratu zuten elkarteek. Ebazpena hilabete geroago heldu zen, behin akordioaren berri emana zutenean.
Orain jakinarazi dutenez, Joseba Asiron Iruñeko alkateak azaroaren 28an atzera bota zuen proposamena. Haien ustez, alkatearen ebazpena «baliogabea» da, «ez baitago arrazoitua». Atzera botatzeko orduan, udalaren zerbitzu juridikoen txosten bat aipatzen da, eta gaineratzen dute ez dela bestelako argudiorik ematen. Haien ustez, txosten horrek «ez du interpretazio juridiko zuzenik egiten».
Txostenak arrazoitzen du 2022an onartutako Memoria Demokratikoaren legea ezin dela Nafarroan ezarri, ez delako oinarrizko legedia. Alta, elkarteek gogora ekarri dute legearen xedapenetan justu kontrakoa esaten dela; oinarrizko legea dela. «Legeak biltzen du estatu osoan une historiko jakin batean giza eskubideak urratu zaizkion biktima orori tratamendu bera bermatu behar zaiola. Beraz, Nafarroan ere aplikatu behar da legea», arrazoitu dute.
Legearen interpretazioak
Haien ustez, eraikina eraitsi egin behar da, egungo legedian oinarrituta. Memoria Demokratikoaren legearen, frankismoko biktimen aitortzarako eta erreparaziorako legearen, eta sinbolo frankisten erroldaren arabera, ikur frankistak kendu egin behar dira. «Erorien Monumentua eraikin bat denez, eraitsi egin behar da. Legeak ez du esaten beste esanahi bat eman behar zaionik», zehazten dute.
Aitzitik, udalaren zerbitzu juridikoek ondorioztatu zuten legeak ez duela behartzen eraikina eraistera. Udaleko legelarien arabera, horregatik indarrean jarraitzen du Iruñeko udal planeko araudiak. Hala, txosten juridiko horren arabera, eraikina eraitsi ahal izateko, lehenik araudia aldatu behar da: Vianako Printzea institutuaren txosten lotesle bat lortu behar da, eta ondoren udalbatzan gehiengo osoz onartu araudi aldaketa.
Elkarte memorialistek ez dute bat egiten interpretazio juridiko horrekin, inondik ere. Haien ustez, legeak bai, behartzen du eraistera, eta, ondorioz, udal planetako araudiak ez du babesten eraikin hori. «Alkateak arazorik gabe jardun dezake, eta ez du behar araudia aldatzeko eskatzen den gehiengo osorik».