«Ez genuen espero alderdi aurrerakoiek bizkarrean ezpata hori sartzea». Triste eta haserre azaldu dira Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataformako kideak, diktaduraren gorazarrerako 1942an Iruñean eraikitako monumentu hori eraldatzea hitzartu dutelako EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik. Akordioa «onartezina» dela deritzote, eta 2022ko Memoria Demokratikoaren Legea urratzen duela. Asteazkenean monumentua eraistearen alde egingo den elkarretaratzera deitu dute; 19:00etan izango da, Iruñeko Udaletxe plazan.
Plataformak 31 elkarte memorialista biltzen ditu, eta Iruñeko Plazara gunean prentsaurrekoa eman dute. Koldo Amatriak irakurri du euskaraz komunikatua, eta Yolanda Ansok gazteleraz. Haien atzean, 25 lagun inguru zeuden babesa adierazten. Gogora ekarri dute otsailaren 10ean sortu zutela plataforma, eta mila biktimak baino gehiagok bat egin zutela. Hain justu, atzo, memoria historikoarekin lotutako 30 eragilek erabakiaren aldeko iritzia plazaratu zuten.
Ikusi gehiago
Haien ustez, monumentu filokarlista horrek 1936ko gerran errepresaliatutako eta eraildako biktimen mina betikotzen du. «Onartezina da faxisten helburuak loriatzen dituen sinbolo bat onartzen jarraitzea». Azpimarratu dute hiriaren paisaian ez dela elementu neutrala, bere jatorrizko helburua frankismoa goratzea zelako. Nafarroan 3.700 lagunen exekuzioa loriatzen duela salatu dute, eta gogora ekarri dute biktimetako asko oraindik desagerrarazitakoen zerrendan daudela.
Hala, haien ustez, 2022an Espainiako Kongresuaren gehiengoak onartutako Memoria Demokratikoen Legeak aurrerapausoak ekarri zituen. Alta, gaineratu dute Nafarroan frankismoaren biktimen defentsan egin diren politika publikoek «kontraesan sakon eta larriak» dituztela. Atzerapausotzat jo dute hiru alderdien arteko akordioa. «Hiruko akordio horrek kontraesanean jartzen ditu Memoria Demokratikoaren Legearen izpiritua eta artikuluak». Euren ustez, toki hori eraldatu nahi izatea «bateraezina» da legearekin, «monumentua ezin baita memoria lekutzat hartu. Eraldaketa legez kanpokoa da».
«Ez genuen espero. Espero genuen gurekin biltzea, denbora hartzea nahi genuena azal geniezaien; espero genuen haiek guri azaltzea zer arazo zituzten legalki, pertsonalki».
YOLANDA ANSO Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataformako kidea
Adierazi dute irtenbide bakarra eraistea dela. Halaber, iritzi diote «etikoki zalantzagarria eta deontologia soziopolitikoaren aurkakoa» dela bertan eratu nahi den interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena jartzea. «Gertaera hau are larriagoa da kontuan hartzen badugu Josefina ahizpak adierazi zuela eraikuntza hori ikusteak izua eta oroitzapen mingarriak sorrarazten zizkiola».
Nabarmendu dute euren bizkar hartu dela erabakia. «Ez genuen espero. Espero genuen gurekin biltzea, denbora hartzea nahi genuena azal geniezaien; espero genuen haiek ere guri azaltzea zer arazo zituzten legalki, pertsonalki. Ez dugu horrelakorik izan», gaitzetsi du Ansok. Mingarritzat jo du haiekin ez biltzea, eta ez iragartzea zer egingo zuten. Gogorarazi dute Iruñeko Udalari eskatua diotela eraikina eraisteko, eta erantzunaren zain daudela.
Eskertu egin dute peñek, CCOO eta ELA sindikatuek, eta beste hainbat eragilek emandako babesa, eta eraikina eraistearen aldeko elkarretaratzera deitu dute, 19:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan.
EH Bilduren erabakia
Atzo eta gaur, Nafarroako EH Bilduko Mahai Politikoak bere militanteei azaldu dizkie akordioaren xehetasunak eta hura sinatzeko arrazoiak. Erabakiari buruz bozkatzeko aukera izan dute bilkideek, eta 12:00etan amaitu da bozketa. Botoa eman dutenen %82,6k berretsi egin dute akordioaren edukia, %13,95ek kontra bozkatu dute, eta gainerakoek zuri.
EH BIlduk ohar bidez azaldu du erabaki «ausarta» dela, eraikinaren inguruko arazoa aukera historikotzat hartzen duelako. Behin emaitza ikusi eta gero, Adolfo Araiz parlamentariak txiokatu du hemen ez dela ezer amaituko. «Prozesu luzea eta politikoki zein juridikoki konplikatua hasi da. Aurka gaudela dirudigunok bidean topo egin beharko dugu», esan du.