Frantziako elkarte irratien ordezkariak Frantziako Kultura ministro Rachida Datirekin eta haren kabinetearekin batzartu ziren atzo, Parisen. Michel Barnier Frantziako lehen ministroaren gobernuak aurkeztu aurrekontu egitasmoan, FSER irrati libreen laguntza funtsari 11 milioi euro kentzeak irrati askori sortuko liokeen kinka gaiztoaz mintzatu ziren. Bileratik jalgitzean, irrati libreen ordezkariek agiri bidez jakinarazi dute Dati ministroak berretsi diela «tokiko irratiei atxikia» zaiela, eta «eztabaida parlamentarioaren epe horretan erne egonen dela».
Astelehenean hasiko dira Frantziako Asanblea Nazionaleko saio publikoan gobernuaren aurrekontu xedeari buruzko eztabaidak. Elkarte irratien sindikatuek sareko irrati guztiei dei egin diete abiatu «mobilizazio zoragarri horrekin» aitzina segitzeko.
Irrati Libreen Sindikatu Nazionaleko zuzendari Ttitto Betbeder donamartiritarrak (Nafarroa Beherea) parte hartu zuen Frantziako Kultura ministroarekiko atzoko bileran. Ministroa bera hor izatea «positiboa» dela iruditu zaio, «ez baitzen baitezpada aurreikusia». Kasik bilkura guzia segitu duela zehaztu du. «Ez du deus hitzeman, baina engaiatu da aterabideak atzematera», erran du Betbederrek.
Sindikatuko sareko irrati guziei erran diete mugitzen segitzeko, mobilizazioak «fruituak» ekarri baititu jada. «Kabinete buruak erran digu hainbat gutun errezibitu zituztela, eta horiek sistematikoki igortzen dituztela Finantza Ministeriora» adierazi du Betbederrek.
Ondoko urratsa Asanblea Nazionaleko diputatuen medioz izanen da. Asteartean, kultura batzordea biltzekoa da, eta Dati ministroak hitza hartu behar luke. Talde desberdinetako diputatuek ere elkarte irratiei erran diete haien aldeko zuzenketak aurkeztekoak dituztela.