Oihana Teyseyre Koskarat.

Elkartasunik gabe, zer?

2024ko urriaren 2a
16:10
Entzun

Egoera administratibo irregularrean direnei muga pasarazten laguntzeagatik, zazpi lagun deklaratzera deitu eta atxiloaldian sartu dituzte, Hendaiako polizia etxean. Ez da lehen aldia arrazoi horrengatik Lapurdiko herritarrak atxilotzen dituztena, eta, seguruenik, ez da azkena ere izanen. Talde antolatuan aritzea leporatzen diete; legearen aitzinean haien jarduera are gehiago kriminalizatzeko manera bat da, zigorrak pisuagoak izaten ahal baitira.

Ez da gauza berria migratzaileentzako bideak gero eta hertsiagoak izatea. Edonon jazartzen diete: mugetan, geltokietan, autobusetan... Eta, aldi berean, gero eta errepresio handiagoa jasaten dute bide horretan laguntza doi bat ekarri nahi dietenek ere; azken hilabeteetan segituak, mehatxatuak eta atxilotuak izan dira. Baina zertarako? Beldurrarazteko? Ustezko masa immigrazioaren kontra zerbait egiten dutela erakusteko?

Muga pasatu nahi duenak muga pasatuko du. Kosta ahala kosta, modu batera ala bestera; historiak hala frogatzen du. Afera da zer baldintzatan egiten duten. Poliziaren jazarpenagatik gero eta zailagoa zaie beren kabuz pasatzea. Eta elkartasunezko laguntzarik gabe, bi aukera dituzte: mugalari diru-goseen esku erori eta beren bizkar egiten den trafikoa indartzea, edo Bidasoan hiltzea. Hori nahi du Frantziako Gobernuak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.