Mendia gainera etorri zitzaien. Uztailaren 30ean, Talis herriko biztanleek sei ordu luzez ikusi zuten mendietatik zetorkien lohiak nola estaltzen zituen euren etxeak. Herriko 306 etxebizitzetatik 129 lur azpian gelditu ziren. Eta haien artean harrapatuta, 20 bat urteko gizon bat, hiru haurren aita. Etxean zuen behi bat handik ateratzeko ahaleginean, lurrak azpian harrapatu zuten.
Karakorum mendilerroaren magalean dago Talis, Hushe haranean, gaur egun Pakistanek kontrolatzen dituen lurretan, eta duela hamar urtetik hona harreman estua du Euskal Herriarekin, Felix Baltistan Fundazioaren bidez.Felix Iñurrategi mendizalea hil eta hurrengo urtean sortu zuten fundazioa mendia maite duten pertsona batzuek, eta orduz geroztik, hainbat proiektu aurrera atera ditu bertan. Orain, berriz, dei egin du Euskal Herritik Talisko bizilagunei laguntza bidaltzeko.
Hamabi hilabetean Talisek pairatu duen bigarren hondamendia da oraingoa. Iazko abuztuaren 7an uholdeek eta luiziek 38 etxe utzi zituzten uraren, harrien eta lurren azpian eta hamabost pertsona hil ziren hondamendian. «Herriko zaharrenek ere ez zuten ezagutzen halako gertaerarik. Eta inork ez zuen espero aurten ere halakorik gertatuko zenik», dio Ortzi Akizuk, Felix Baltistan Fundazioko kideak.
Urtebetez, fundazioa eta Hushe haraneko gobernuz kanpoko erakunde bat Talis berreraikitzeko lanean aritu dira, eta etxea galdu zuten familientzat etxe berriak eraiki dituzte eremu seguruago batean. Euskal Herrian jasotako laguntzarekin eutsi ahal izan diete berreraikuntza lanei.
Nolanahi ere, joan den asteko gertaerak okertu egin du herritarren egoera, eta, hondamendiaren ondorioz, gaixo zegoen haur bat hil egin zen bi egunera. Halaber, osasun arazo larriak dituzte, eta beste bi emakume «oso gaixo» daudela jakinarazi du gobernuz kanpoko erakundearen koordinatzaileak.
Lekukotasuna
Ibon Muruamendiaraz bergararra bertatik bertara ari da ikusten Talisen gertatutakoa. Felix Baltistan Fundazioaren laguna izanik, inguru haietara joan da Baltoroko trekkinga egitera, eta hondamendiaren ondorioak ikusiditu. «Herria bitan banatu du», azaldu du Talistik bertatik. «Lurrak dena eraman du berekin, eta aurreko urtean salbu gelditu zen eremu bat erdibitu egin du».
Kanpin dendak jarri dituzte ibaiaren alde banatan etxerik gabe gelditu direnentzat, eta egunerokoari aurre egiteko antolatzen ari dira. «Harrigarria ere egiten da, baina lasaitasuna transmititzen dute, egoera oso larria izan arren». Izan ere, Muruamendiarazek dioenez, herritarren ia erdiak gelditu dira ezer gabe, mila lagun baino gehiago, eta egokia izango den irtenbide bat eman behar zaie. «Iazkoak eta aurtengoak erakusten dute herria mugitu egin behar dela, arriskutik kanpo egongo den eremu batean eraiki behar dela».
Joan den urteko hondamendiaren ondoren, Felix Baltistan Fundazioak Hushera bertara bideratu zuen laguntza. Aurten, ordea, Pakistango Gobernuaren inplikazio handiagoa lortu nahi du fundazioak, eta haren bitartez egingo ditu tramite guztiak. Izan ere, 1947tik, Erresuma Batutik askatu zenetik, estatuaren presentzia oso eskasa izan da Baltistanen, eta beren kasa irauten ikasi behar izan dute bertako biztanleek, 4.000 eta 8.000 metroko garaierako mendien artean. «Gobernua eta komunitatea gerturatu nahi ditugu», adierazi du Akizuk. Felix Baltistan Fundazioak diru laguntzak jasotzeko hiru kontu korronte jarri ditu: BBKn, Euskadiko Kutxan eta Kutxan.
Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu webgune honetan:
www.felix-baltistan.org
Elkartasuna, tragedian sostengu
Baltistanen dago Talis, Hushe haranean, mendiaren atzaparrek azken bi urteotan bitan estali duten herria. Felix Baltistan Fundazioak hara bidaltzeko laguntza eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu