Elkartasuna, etxegabeen elikagai

Kaleko Afari Solidarioak elkarteak afari beroak prestatzen ditu Donostian, muturreko pobrezian bizi direnentzat. Salatu dute pasibotasuna, arrazakeria, xenofobia eta aporofobia areagotzen ari direla instituzioetan.

Etxegabe batzuk usoei begira. JON URBE / FOKU
Etxegabe batzuk usoei begira. JON URBE / FOKU
Donostia
2024ko abuztuaren 17a
05:00
Entzun

Jagoba Letamendia 25 pertsonarentzako dilistak prestatzen ari da, bere etxeko sukaldean. Ez du familia bazkaririk gertu, ezta kuadrillako bazkaririk ere. KAS Kaleko Afari Solidarioak elkarteko boluntarioa da, hau da, Donostiako etxegabeentzat egunero afari beroak prestatzen dituen elkarte bakarreko kidea. Letamendiak astean behin kozinatzen ditu afariak, eta beste egun batean zerbitzatzera joaten da. Gaurkoa baino jatordu handiagoak sarri prestatzen ditu. «Normalean, 50 pertsonarentzat prestatzen dut janaria», azaldu du.

Janaria desberdina izaten da egunero: «Ez daukagu menurik: bakoitzak ahal duen neurrian prestatzen du janaria». Plater bat, postrea eta ogia ematen diete afaltzeko. Gehienentzat, eguneko otordu bakarra izaten da.

Afariak KASeko boluntarioek prestatu ohi dituzte, eta aldatuz joaten dira egunero. 2020an hasi ziren, Infernuko fabriketatik —Donostiako Ibaeta auzoan zeuden— kanporatu zituzten 60 pertsona inguru Konstituzio plazan lo egiten hasi zirenean. «Alde Zaharreko bizilagun batzuk [orain boluntarioak direnak] haiengana joan ziren, zer behar zuten galdetzera, eta zera erantzun zieten: 'janari beroa'», kontatu du KASeko boluntario Garazi Montuschi Mujikak. Beraz, horrela hasi ziren. Elkarteko kideek jaurti dute aurten Donostiako Piraten txupinazoa.

Jende gehiago joaten hasi zenean, Egia auzoko banaketa puntua sortu zuten; eta Egian ere jende asko biltzen hasi zenean, beste auzo batera ere zabaldu ziren: Amaran egin zuten beste talde bat. Alde Zaharrekoa kontatuta, hiru banaketa puntu dituzte gaur egun.

Afariak banatzen, bakarrik

Janaria prestatzeko, ez dute Donostiako Udalaren laguntzarik jasotzen. «Nik ulertzen dut boluntario taldeek administrazioak iristen ez diren lekuetara iritsi beharko luketela, eta ez oinarrizko beharrak asetzen aritu», adierazi du Letamendiak. Udalak ez die eragozpenik jartzen afariak emateko, baina, aldi berean, laguntzarik ere ez die ematen. Esaterako, ez die lekurik uzten afariak zerbitzatzeko. Donostiako Udalak «jarrera pasiboa» duela azaldu du Letamendiak. 

Gros auzoko Marruma tabernan geratzen dira boluntarioak, prestatutako afariak plastikozko tuper txikietan sartzeko, egunero, 19:30ean. Letamendiak balde batean sartu ditu etxean prestatutako dilistak, eta Marrumara abiatu da. Baldea pisutsua da, baina Grosera iristeko aldapa jaitsi behar denez, errazago eramaten du, dioenez. Juan Delgado du aldamenean, zama arintzen. Letamendiaren bizilaguna da, eta lehen aldiz doa laguntzera. Gaurkoaren ondotik, agian gehiagotan joango da boluntario lanak egitera. 

«Boluntario taldeek administrazioak iristen ez diren lekuetara iritsi beharko lukete, eta ez oinarrizko beharrak ematen aritu»

JAGOBA LETAMENDIAKASeko boluntarioa

Marruma barruan KASeko boluntario gehiago daude. Tabernaren atzealdeko jangelan daude, gaurko afariaren zain. Boluntarioek janaria plastikozko ontzi txikietara pasatzen duten bitartean, afari bila joandako mutil gazte bat euskara ikasten ari da.

Marzouk Lafriakh da boluntarioetako bat: «Ataka zail batean egon nintzen, eta orain lagundu egin nahi dut». Lafriakh kalean bizi izan zen, eta afari solidarioen premia izan zuen, baina bere egoera hobetzea lortu du, eta orain ikasketak egiten ari da. Afari bila doazenei pazientzia handia izatea eta ikastea gomendatzen die, baina badaki «oso zaila» dela kalean bizitzea eta ikasketak egitea.

(ID_14102081) Kaleko Afari Solidarioak afari banaketa
Boluntario bat afaria plastikozko tuper batean sartzen. JON URBE / FOKU

Etxegabe gehiago Donostian

Egoera gordina da. Gero eta gordinagoa. 2022an, 2018an halako bi ziren etxegabeak Donostian. SIIS Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuaren datuen arabera, 2018an 101 etxegabe zeuden Donostian; 2022an, berriz, 220. Etxegabeak gehien ugaritu diren hiriburua da, eta kezka dago aurten kopurua are gehiago igoko den. Aterpetxeetan bizi direnen kopurua, ordea, jaitsi egin da lau urte horietan, 142tik 108ra.

Gaur egun, Donostiako Udalak hainbat aterpetxe eskaintzen ditu etxegabeentzat: GHUZ gizarte harrerako udal zentroak berrogei pertsonarentzako lekua dauka, baina hiru hilabetean behin gehienez bost egun egin ditzakete bertan; Gaueko Aterpeak 29 leku ditu, baina berrogei ere jar ditzake eskura larrialdiren bat badago; Ateak Zabalik zerbitzua, berriz, hotz handia edo izotza egiten badu irekitzen dute. Horrez gain, 32 abegi etxe ditu udalak, egonaldi motzetarako edo tartekoetarako. Hala ere, aterpetxe horiek ez dira nahikoa, Lafriakhen iritziz: «Aterpetxe gehiago ireki beharko lituzkete, jendeak lo egiteko leku bat izateko».

«Leku gehiago egon beharko lirateke jateko, baita gosaltzeko eta bazkaltzeko ere»

MARZOUK LAFRIAKH KASeko boluntarioa eta etxegabe izana.

Marruman prestatutako tuperrak Egiako banaketa puntura eramaten dituzte, Renferen Groseko geltokiaren ondoan eta auzitegien atzean dagoen plazara. 20:00etan iritsi dira KASeko boluntario batzuk banaketa egiten duten tokira; besteak janaria tuper txikietara pasatzen ari dira oraindik. Trenbidearen azpian itxaroten daude 50 pertsona inguru, baita uso talde bat ere. Boluntarioak iristean, afari bila joandakoak ilaran jarri dira, bai baitakite tiketak jasotzeko ordua dela. Geroxeago iritsi diren erabiltzaileak ere ilaran jartzen hasi dira.

Tiketen sistema erabilita, afariak banatzeko prozesua lasai egitea dute helburu, eta arazorik ez sortzea. 90 tiket banatu dituzte denera, eta bakoitzak zenbaki bat du. Erabiltzaileek, beren tiketaren zenbakia entzutean, afaria hartzera joan beharko dute.

Egiako banaketa puntuan bildutakoek elkar ezagutzen dute, askok hilabeteak baitaramatzate KASeko afariak jaten. Boluntarioekin ere harreman ona dute. «Egunero ematen diegunez afaria, harreman estuak ditugu, eta hilabeteak pasatzen dira beren egoera hobetu arte», azaldu du Montuschik. Galaxy deitzen diote afari bila joandakoek.

Oztopo gehiago

«Askorentzat, egunean jasotzen duten janari bakarra da», argitu du Montuschik. Donostiako Udalaren Otorduak II programan —Donostiako tabernetan jateko kupoiak ematen ditu— 65 pertsonak parte har dezakete, baina horrek ez du eskaria osorik asetzen. «Leku gehiago egon beharko lirateke jateko, baita gosaltzeko eta bazkaltzeko ere», eskatu du Lafriakhek.

Gainera, KASek eta HHS Hiritarron Harrera Sareak uztailean salatu zuten Donostian GLUZ Giza Larrialdietarako Udal Zerbitzuko baliabideak murriztu zituztela. Kexen artean, hauek: dokumentazioa lortzeko diru laguntzak kendu zituztela, txanda lortzea zailagoa zela, eta erabiltzaile bakoitzari denbora gutxiegi eskaintzen diotela. «Nahiz eta Donostiako Udalak gastutzat hartu, inbertsio bat da, hezkuntza bezala. Jendea hobeto badago, gizarte hobea edukiko dugu», adierazi du Montuschik. 

«Laguntzak kentzen dizkigute, eta asko sufritzen dugu», esan du afariaren bila joan direnetako batek. Ez du izenik eman nahi. Laguntza horiek ez dira bakarrik diru laguntzak edo aterpetxeetako lekuak; dutxatzeko tiketak, garbigailua erabiltzekoak, beren gauzak jasotzeko lekuak eta dokumentazioa lortzeko laguntzak ere badira tartean. «Nik lana daukat, eta dokumentazioa, baina ez daukat lo egiteko lekurik eta dutxarik», azaldu du. Gaur egun, dutxarako asteroko tiketa dute, eta garbigailurako hileko tiketa. Gainera, dutxarako eta garbigailurako tiketak urriegiak direla eta azkarregi amaitzen direla ere salatu zuen KASek.

(ID_14102072) Kaleko Afari Solidarioak afari banaketa
Montuschi etxegabeei afarietako tiketak banatzen. JON URBE / FOKU

Egiara afari bila joandako gehienak gizon magrebtarrak dira, 18 eta 30 urte artekoak. Hori da Egiako banaketa puntuan biltzen direnen soslaia, baina beste puntuetan biltzen direnek bestelako ezaugarriak dituzte, Letamendiak zehaztu duenez. Gainera, ohartarazi dute azken boladan gero eta emakume gehiagok izaten dutela afari horien beharra, eta seme-alabak ere izaten dituztela zenbaitetan.

Etxegabeak gero eta gehiago diren heinean, arrazakeria, xenofobia eta aporofobia —txiroen aurkako aurreiritziak eta beldurra— areagotzen ari dira, KASeko bi boluntarioek salatu dutenez. Bere bizipenak kontatu ditu Lafriakhek: «Poliziak askotan geratzen gintuen arrazoirik gabe, eta identifikatu egiten gintuzten». Batzuetan «gaizki tratatzen» zutela azaldu du. Baina arrazakeria ez da bakarrik kalean islatzen. «Alokairua eskatzean, ezezkoak jasotzen ditugu marokoarrak izateagatik», esan du  izenik eman ez baina bere bizipenen berri eman nahi izan duen erabiltzaile batek.

Marruman bildutako boluntarioak 20:30 inguruan iritsi dira plazara, 90 afariak poltsatan sartuta dauzkatela. Poltsa batzuetan Letamendiak prestatutako dilistak daude, eta beste batzuetan, babarrunak. Postrea eta ogia ere ematen dizkiete janariarekin batera.

«Geroz eta jende gehiago dago egoera latzean, eta, enpatia izan ordez, kriminalizatu egiten ditugu»GARAZI MONTUSCHI MUJIKA

 KASeko boluntarioa

«Bat, bi, hiru…», Montuschik ozen irakurri ditu zenbakiak, banan-banan, gazteleraz eta arabieraz, eta beste boluntario batek paper bat erakutsi du zenbaki bakoitzarekin, 90era iritsi arte. Afari bila joan dira tiketen jabeak. Boluntarioek plastikozko poltsa bat eman diote bakoitzari. Barruan dute afaria. 

Prozesua azkarra da oso. Ordu erdi baino gutxiago behar izan dute 90 afari emateko, eta ez da arazorik egon. Gehienak plazan bertan geratu dira afaltzen. 

Elkartasun falta

«Herritar batzuek badakite zer egoeratan gauden, baina beste askok ez», esan du Lafriakhek. Orokorrean, gizartean elkartasun falta handia nabari du Montuschik: «Geroz eta jende gehiago dago egoera latzean, eta, enpatia izan ordez, kriminalizatu egiten ditugu». 

Kriminalizazio horren arrazoietako bat Poliziaren presentzia handitu izana da, Letamendiaren ustez: «Poliziekin ikusten dituztenez, kolektibo osoa kriminalizatzen dute». Etxegabeekin enpatia gutxiegi izaten dela uste dute KASeko kideek. «Ezin dugu gizarteratzeko eskatu baliabiderik jarri gabe», erantsi du Montuschik.

(ID_14102083) Kaleko Afari Solidarioak afari banaketa
KASeko boluntarioak afaria poltsetan sartzen, Marruman. JON URBE / FOKU

Epel dago, 22 gradu, eta lainotuta, baina ez du euririk egin egun osoan. Hala ere, Montuschik gogorarazi du kalean bizitzea zaila eta desatsegina dela udan ere: «Badirudi udan dena konpontzen dela, hotza dela arazo bakarra». Neguan bezala, udan ez dute lekurik lo egiteko, eta ezin dituzte beren gauzak leku seguru batean utzi. 

Afaria bukatu, eta ogi apurrak usoei eman dizkiete. Egunero egoten da uso talde bat afariak banatzeko zain, bai baitakite ogi apurrak jasoko dituztela. Bihar ere, boluntarioek prestatutako afaria jango dute etxegabeek; eta usoak ogi apurren zain izango dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.