Irribarretsu, eta solaserako gogoz daude astelehenean atxilotutako abokatu bizkaitarrak Bilboko egoitzan. Neke aurpegia dute, baina ezin atsedenik hartu: «Hainbat helegite aurkezteko epea gaur —atzo— amaituko da». Epaileak agindu bezala, pasaporteak epaitegira eramateko tartea ere hartu beharra zuten. Pilatuta izaten dituzten eginbeharrak are gehiago pilatu zaizkie egunotan. Alfontso Zenon abokatuak hartu du tarte bat BERRIAri erantzuteko.
Zertara dator zuen kontrako operazioa?
Argi dago preso politikoekin dagoen elkartasun guztia eten nahi dutela. Laguntza humanoa, politikoa, eta, kasu honetan, laguntza juridikoa oztopatu nahi dituzte, eta operazioa horri begirakoa izan da. Baina argi dago ez dutela lortuko, nahiz eta antzeko mila operazio egin.
Duela sei hilabete, abokatuen kontrako operazio bat egongo zela filtratu zenean, esan zenuten urteetako lana fruituak ematen ari zenean zetorrela erasoa, lorpenak eteteko. Analisi bera egiten duzue gaur egun?
Bai. Azken finean, eskubide urraketak salatzen aritzen gara; kasu askotan helegiteen bidez egiten dugu, eta emaitza onak ere lortzen ditugu. Hori da oztopatu nahi dutena. Presoak milaka kilometrora, sakabanatuta eta kartzelan ere moduluetan banatuta izatez gain, haien eskubideen defentsa juridikoa ere oztopatu nahi dute. Euskal Herrian presoekin dauden elkartasun mota guztiak eten eta presoak bakar-bakarrik uztea nahi dute.
EPPK-k konponbideari begira hartutako bidearekin loturarik baduela uste al duzu?
Noski. Alde batetik, presoek pauso gehiago eman behar dituztela esaten dute, eta, aldi berean, gero eta bakartuago eduki nahi dituzte, bakartasunean. Hori ez da egokiena pauso berriak egin edo erabakiak hartzeko. Beraz, ez dauka zentzurik. Kontraesana da.
Zein gai daude mahai gainean egun, indar edo garrantzi berezia daukatenak?
Batetik, Euskal Herriratzeko eskaerak hor daude: Zaintza Epaitegian jarritako kexak. Laster espero dugu ebazpena eta erantzuna ezezkoa bada, helegiteak jartzeko asmoa dugu. Frantziako kondenak eta Espainiakoak batzearen auzia ere martxan dago. Kasu batzuk Gorenean daude, eta laster ebatziko dituztela uste dugu. Hain zuzen, gaur —atzo— ari gara bukatzen Auzitegi Gorenean aurkeztu beharreko helegiteak. Eta epaiketak ere badaude. Segurako sarekadarena hor dago, eta beste batzuk egitear dira. Bestetik, ezin dira ahaztu espetxeetan dauden kexa guztiak presoen bizi-baldintzen inguruan. Haien eskubideak ez dira errespetatzen, presoek salaketak egiten dituzte, eta guk ere egiten dugu lan juridiko bat. Hori guztia martxan dago, eguneroko lana da, eta, nahi adina izan ez arren, lortzen ditugu presoen aldeko ebazpenak ere. Hori saihestu nahi dute.
Espetxeratuko zintuzten beldur izan zara?
Guk gure defendituei beti esaten diegu hobe dela okerrenean jartzea. Edozer gauza egiteko gai dira, eta, zergatik ez, behin atxilotuta egonda, gero kartzelara eramatea.
Atxilotutako abokatuak espetxeratzeak zer ekarriko luke?
Pentsatzen dut haiek ere konturatuko zirela: denak kartzelatuz gero, Auzitegi Nazionaleko prozedura guztiak geldituko lirateke. Praktikoki, euskal presoekin lotutako prozedura guztiak guk eramaten ditugu.
Hainbat baldintza jarri dizkizuete kaleratzeko, eta horietako batek abokatuen lanarekin du lotura. Ohikoa da?
Beti hartzen diren neurriak hartu dituzte, batetik: pasaportea kentzea eta hilero epaitegian aurkeztea. Eta, gero, jarri digute debeku bat: «ETAren inguruko presoei bisita antolatuak egitea» debekatuta dugula dio epaileak. Ez dakigu oso ondo nola zehaztuko den hori. Baina, nola egingo duzu bisita bat Puerto de Santa Marian antolatu gabe? Behin haraino joanda, gainera, ahal dugun guztiekin egoten saiatzen gara. Hori da sakabanaketa. Pozik egongo ginateke preso guztiak Zaballan egongo balira. Ez genituzke bidaiak horrela antolatu beharko, baina sakabanatuta daude.
Zuen lana mugatzeko neurria dela uste duzue?
Bai. Eta, bestetik, autoan aipatzen ez den arren, beste neurri bat hartu dute: kontu korronte guztiak blokeatu dizkigute; pertsonalak, eta bulegokoak. Horrek bai oztopatzen duela gure lan juridikoa; praktikan, bideraezin egiten du. Bulegoen alokairuak ordaindu behar ditugu, kolegioaren kuotak, egiten ditugun bidaia luzeak... Kontu korronterik gabe oso zaila ikusten dut hurrengo asteetako lana egitea.
Hiru lagun espetxeratu dituzte, deseginda dagoen Herrira plataformakoak izatea leporatuta. Zein analisi egiten duzue?
Gure kasuan, laguntza juridikoa oztopatu nahi dute. Eta, kide horiek kartzelan sartuta, presoekiko elkartasuna oztopatu nahi dute. Delitu bihurtzea, beldurra sartzea, eta elkartasun eta babes hori apurtzea. Kalabozoetatik atera gintuztenean, Jonek, Franek eta Jabik animo piloa eman zizkiguten eta besarkada handi bat bidali nahi diet. Lasai egon daitezela. Gure lana izango da kartzelatik ateratzea, beti izan den bezala, duela urtebete atxilotu zituzten bitartekariak kaleratzea den bezala. Urtebete egin dute kartzelan eta jarraitzen dugu askatzea lortzeko lanean.
Zuek kaleratzear zinetenean, Herrira-ren aurkako operazioan iaz atxilotu zituztenak Guardia Zibilaren egoitzetan deklaratzeko deiak jasotzen ari ziren...
Irailean atxilotu zituztenetik inputazio bat dute eta beste bat egin diete orain: langileen eskubideen aurkako delitua egotzita inputatu dituzte. Surrealista dirudi guztiak, eta gauza asko ez dira ulertzen. Surrealista izan da hainbeste abokatu atxilotuta egotea, eta surrealista da, baita ere, Herrira-ko langileak zirenei bere eskubideen aurkako delitua egin izana egoztea. Hori ezin da ulertu.
Abokatuen elkargoetatik babes handia jaso duzue. Zein garrantzi dute babes horiek?
Orain arte ikusi gabeko babesak jaso ditugu. Espainiako Abokatuen Kontseiluko presidenteak oharra kaleratzea, adibidez, oso adierazgarria eta positiboa da. Bizkaiko dekanoak ere gutun bat egin du bere kezka adierazten. Egia da inoiz ez dela izan hainbeste abokaturen atxiloketa ekarri duen halako operaziorik, bainaeskertzekoa da. Gero eta jende gehiago ari da begiak irekitzen, ikusten ari da Espainiako Gobernuak egiten duena ez dela ulergarria eta horrela ez goazela inora.
Hemendik aurrera, zer?
Guk gure lanean jarraituko dugu. Ikusiko dugu zein egoera eta baldintzarekin egin ahalko dugun lan, baina jarraituko dugu. Gure konpromisoa, azken finean, herriarekin da, eta gure kontratua obrakoa da: preso guztiak etxeratu arte jarraituko dugu lanean.
Euskal presoak. Abokatuen kontrako polizia operazioa. Alfontso Zenon. Abokatua
«Elkartasuna eten nahi dute, eta presoak bakar-bakarrik uztea»
Abokatuen aurkako operazioaren zergatia argi du Zenonek: presoei ematen dieten laguntza juridikoa hautsi nahi dela uste du. «Gure kontratua obrakoa da. Preso guztiak etxeratu arte jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu