Elkartasuna eta bizipoza ardatz, Lazkaon ospatuko dute Irrien Lagunen jaieguna

Behar bereziak dituzten haur eta familiei babesa emateko, Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea sortu du klubak aurten

Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea osatzen duten elkarteetako kideak, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
mikel p ansa
Donostia
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Irrien Lagunak Klubak ardatz eta esanahi berriak eman dizkie urtero antolatu ohi zuen jaiari: «Bizipozaren jaia» ospatuko dute aurrerantzean. Behar bereziak dituzten haurrei eta haien familiei babesa eta elkartasuna eskaintzeko eguna izango da, «bizipozarekin eta auzolanean», Jose Mari Agirretxe Porrotx-ek azaldu duenez. Gipuzkoan, Lazkaon ospatuko dute aurten, irail honen 22an.

Jaia aurkeztu zuten atzo, Donostian, baina elkartasun sare berri baten berri emateko ere baliatu zuten aukera. Irrien Lagunak Gizartegitza Elkartea (ILGE) sortzea erabaki du klubak. «Behar bereziak dituzten haurren eta haien familien bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten duten kolektiboei proiektu eta egitura egonkor batekin erantzuteko ahalegina da», elkarteak berak ezagutzera eman duenez. «Behar afektiboak eta materialak» asetzen eta haien eguneroko errealitatea gizarteratzen lagundu nahi die.

Leire Mitxelena Arnasa elkarteko kideak eman zituen adibideak atzo. Fibrosi kistikoa duten haur eta helduen elkartea da Arnasa; 5.000 pertsonatik batek izan ohi du, batez beste, fibrosi kistikoa. Gaitz genetikoa da. «Oso gutxi gara», azaldu zuen Mitxelenak, «eta zaila egiten zaigu ezagutzera ematea». ILGEk beste talde batzuekin harremanetan jartzeko, elkarrekin aritzeko eta beren mezuak zabaltzeko aukera eman diela azaldu zuen.

Oraingoz, 22 elkartek parte hartzen badute, aurrerantzean elkarte gehiagok ere parte hartzeko aukera izango dute ILGEn. Hala nahi lukete. «Irekia da». Eta elkartasuna «laguntzatik harago» eramateko ahalegin bat. «Bizipozean biziko den herri bat dugu helburu», azaldu zuen Agirretxek. Elkarte horietako askorekin lanean aritu direla azken urteetan, eta beste urrats bat egin nahi dutela erantsi zuen. ILGE sortzeaz aparte, boluntario sare bat antolatu nahi dute, beharra dutenei bisitak egiteko eta jaialdiak antolatzeko, adibidez. Kontseilu bat ere osatu nahi dute.

Irailaren 22an Lazkaon egingo duten jaia izango da asmo berri horientzako erakusleiho. Jaiarekin lortutako etekinen parte bat ILGE proiektura eramango dute; beste partea, jaia antolatu duen herriak erabakiko du zein proiekturi eman. Aurten ILGEri berari ematea erabaki du Lazkaok.

Jaialdira sartzeko, «zapi pirata» bat erosi beharko dute bertaratu nahi dutenek. Dendetan edo egunean bertan, Lazkaon erosi ahal izango dute zapia, bost euroan. Seme-alabak dituzten familiek hamar euroan hartu ahal izango dituzte, eta Irrien Lagunak Klubeko txartela dutenek doan izango dute sarrera.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.irrienlagunak.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.