inaut matauko rada

Elkartasuna debekatzea lortu dute

2024ko urriaren 24a
13:45
Entzun

Kolpe sendoa eta eraginkorra eman diote Donostiako Kaleko Afari Solidarioak kolektiboari, debekatu egin baitiete Egia auzoan migratzaileei afariak banatzea. Ustezko segurtasunaren galera afari solidarioekin lotu dute hasieratik sektore politiko batzuek, PPk batez ere, eta premisa horretan oinarrituta erabaki du Donostiako Udalak afariak debekatzea.

KASen aurkako diskurtsoa, baina, alderdi politikoetatik harago doa, herritar askok sustatu eta beste batzuek barneratu baitute, baina PP izan da bereziki haserre hori hauspotu eta bere interesean erabili duena. Aspaldi hasi zuen KASen aurkako gurutzada Borja Corominas Donostiako PPko buru eta zinegotziak, eta alderdiak bikain jakin du azken hilabeteetan segurtasunaren gaiarekin sentsible diren batzuen eta migratzaileekiko gorrotoa duten askoren atentzioa erakartzen, eta diskurtso sinplistekin eta erredukzionistekin lagunduta bereganatu ditu.

Eta lehen tantoa duela hilabete batzuk markatu zuen, sareetan migratzaileekiko gorrotoa zabaltzen duten foro batzuek antolatzeko asmoa zuten elkarretaratzearekin. Orduan, bere buruari segurtasunaren aldeko, apolitiko eta zibiko deitzen dion foro horrek ez zuen elkarretaratzea antolatzeko baimenik lortu, eta hutsune hori aprobetxatu zuen PPk, foro horrek nahi zuen une eta leku berean protesta egiteko baimena lortu baitzuen. Haien asmoa, hala ere, KASek Egian afariak banatzen dituen leku berean egitea zen, baina azkenean Bilbo plazan egin zuten.

Espainiako banderak eta guzti ikusi ziren protesta horri erantzuteko asmoz, kolore askotako Donostiako hainbat eragile politiko eta sozialek prentsaurreko bat egin zuten. Egoeraren larritasuna azaleratzeaz gain, «faxismoaren eta arrazakeriaren» aurkako mezu garbia zabaldu zuten.

Aste honetan, baina, PPkoek eta KASen aurkakoek lortu dute nahi zutena. Afari solidarioen banaketaren ordu eta leku berean egin zuten protesta, baimenik gabe, eta Irutxuloko Hitzak grabatutako bideoetan ikusten denez, Ertzaintzak haiek babesten jardun zuen. Agenteek protestan zeudenen probokazioei KASekoek egindako erantzun xume bat besterik ez zuten behar izan afariak banatzen zituztenen aurka egiteko, nahiz eta atxiloturik ez zen izan azkenean.

Bertan izan zen Corominas bera, haren alderdiko beste bi zinegotzirekin batera, eta pertsonalki ikusi ahal izan zuen bere garaipena, lortu baitu nahi zuena: Donostiako Udalak Egiako afari solidarioak debekatzea. Migratzaileen aurkako gorrotoa sustatzen duten talde eta foro horietan, gainera, egoeraren erantzuletzat jo dute Eneko Goiaren udal gobernua, eta badirudi haien diskurtsora gerturatzen ari dela udala. Duela hilabete gutxi Donostia «oso hiri segurua» dela adierazi zuen Martin Ibabe Kirol, Segurtasun eta Babes Zibil zinegotziak, eta segurtasunaren afera «arazo orokorra» dela nabarmendu zuen. Hala ere, atzo prentsaurrekoa eman zuen afarien debekua azaltzeko, eta esan zuen pertsona batzuk afaltzera gerturatzen direla baina beste batzuk beste gauza batzuetarako elkartzen direla. Hala, aditzera eman du Egian egon den delituen igoeraren aldagai erabakigarria dela KASek (erakunde publikoek ematen ez duten artaren hutsunea betez) ematen duen zerbitzua, haien kabuz elkartzeko gai ez balira bezala.

Hain zuzen, baliteke hori bera izatea udal gobernuak KASekin duen arazo nagusia, ikusarazten baitu erakunde publikoek, Donostiako udalak tartean, ez dutela nahikoa borondate politikorik gizarteko sektore baztertuenei bizirik iraun ahal izateko gutxieneko arta emateko. Eta KAS osatzen duten boluntarioek bete dute azken urteetan hutsune hori. Nork beteko du orain zulo hori? KASen sare sozialetatik pasatzea nahikoa baita ohartzeko zenbat jenderen sabelak betetzen dituzten astero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.