Antifaxismoa

Elkartasuna adierazi diete Voxen ekitaldiaren harira epaituko dituztenei

Albiste agentziek esan zuten epaiketa irailean izango zela, baina auzipetuek ez dute horren berririk: "Auzia instrukzio fasean dago oraindik".

Eragileen agerraldia Bilboko Euskalduna jauregiaren aurrean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
gotzon hermosilla
2019ko uztailaren 17a
17:32
Entzun

Apirilaren 13rako, Vox alderdi ultraeskuindarrak hauteskunde ekitaldi batzuk antolatu zituen Donostian eta Bilbon. Horren kontrako elkarretaratzeak egin zituzten bi hiriburuetan, eta, Bilbokoan, Ertzaintza manifestariei oldartu zitzaien; zenbait lagun zauritu zituen, eta beste bost atxilotu. Bilboko elkarretaratzea antolatu zuten eragileek –Ernaik, Bilboko Mugimendu Feministak eta Sare Antifaxistak– elkartasuna adierazi diete zaurituei eta atxilotuei, eta dei egin dute aurrerantzean ere "irmo" erantzutera "edozein probokazio edo eraso faxistari".

Eragileen arabera, Voxen ekitaldiak "probokazioa" izan ziren, "are gehiago haien hauteskunde emaitzak ikusita". Haien ustez, Voxen asmoa ez zen Euskal Herrian botoak biltzea, baizik eta "Espainiari begira boto gehiago lortzeko Euskal Herrian probokazioa piztea". Esan dutenez, horrelakoak ugaldu egin dira azken bolada honetan, eta, besteak beste, Ciudadanos alderdiak Errenterian (Gipuzkoa) eta Ugaon (Bizkaia) antolatutako ekitaldiak aipatu dituzte.

Ertzaintzaren jarrera kritikatu dute, eta salatu dute "faxismoaren jarrera probokatzailearen aurka manifestatu zirenei" oldartu zitzaizkiela. Bost atxilotuen kontrako epaiketari dagokionez, esan dute haien datuen arabera ez dela irailean izango, auzia oraindik instrukzio fasean dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.