Elkartasun pausoak, lasterbideak sortzeko

Igandean, Oiartzunen, preso eta iheslarien eskubideen aldeko lehen elkartasun lasterketa egingo dute. Egitarau zabala prestatu dute, eta korrika egiteko zalantzan dagoenak bertan ere izango du aukera izena emateko.

Lasterbidean antolatu dutenak, Donostian egindako aurkezpenean. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
Oiartzun
2013ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hamaika modutan adierazi izan da euskal preso eta iheslariekiko elkartasuna. Igandean, bide berri bati ekingo diote Oiartzunen (Gipuzkoa), kirolaren mundutik, lehen elkartasun lasterketa nazionalarekin. Izan ere, Aintzane Aizpurua lasterketaren antolatzaileetako baten esanetan, gizarteko arlo guztietan egon behar dute presente, Euskal Herritik urrun egon arren. Atarrabian (Nafarroa) larunbatean egingo den Hatortxurock jaialdian bezala, Lasterbidean egunean ere nabarituko da preso eta iheslarien presentzia.

Hilabeteak daramatzate antolatzaileek bidea egiten. Gasteizko mendi talde batek egin zituen lehen urratsak, mendi lasterketa bat egiteko ideiarekin. Oiartzunera jo zuten, eta parte hartze handiagoa lortzeko asmoz, lasterketa errepidera pasatzea erabaki zuten. Urtarrilaren 12ko manifestazioan agertu ondoren, senideengana jotzea izan zen hurrengo pausoa. Egitasmoa azaldu zuten Etxerat elkartearen batzarrean, eta haien bidez, preso eta iheslariengana ere heldu ziren. Gutun bat bidali zieten euskal preso guztiei, eta espetxe batzuetan mezua bahitu duten arren, ona izan da erantzuna. «Kolektibo bizia dela erantzun ziguten, herrian integratu nahi duena», azaldu du antolatzaile taldeko Igor Uriartek.

Preso bakoitzari inguruko bi pertsona lortzeko eskatu zieten, eta iheslariak kontuan hartuta—kopuru sinbolikoa jarri dute, milaka baitira egoera horretan daudenak— , 1.500 lagunetan jarri dute muga. Baina korrikalariei lekukoa uzteaz gain, preso eta iheslariek zuzenean ere hartu dute parte Lasterbidean osatzen. Zenbait iheslarik lagundu diete hedatze lanean, baita ekitaldiren bat zehazten ere. Gainera, lehenengoak jantziko duen txapelaz gain, presoek egindako eskulanak banatuko dira sari gisa korrikalarien artean. «Hasi zaizkigu iristen, eta batzuk izugarriak dira», aurreratu dute antolatzaileek.

Denetariko eskaintza

Zortzi kilometro inguru izango ditu lasterketa nagusiak. Herriko plazatik abiatuko da, 12:00etan, eta bertan bukatuko da. Gaurko gauerdia arte daukate zabalik izen ematea, kirolprobak.com webgunean. Dena den, egunean bertan ere badago horretarako aukera, azken unean animatzen denarentzat. 11:00etan abiatuko den lau kilometroko herri lasterketarako, berriz, ez dago izena eman beharrik.

Korrika egin ezin duenarentzat ere izango da lekurik Oiartzunen. Sari banaketaren ondoren, ekitaldia egingo du Etxerat elkarteak. Segidan, herri bazkaria izango da, Elorsoro kiroldegian. Arratsalderako, berriz, aukera zabala prestatu dute: herri kirolen ikuskizuna, kontzertua eta haurrentzako jolasak izango dira. Gainera, egun osoan alaituko dituzte kaleak musikariek.

Elkarlana bultzatuz, urrun daudenak gerturatuko dituzte igandean, kirolaren bidez. Jon Martin bertsolariak egindako leloak adierazten duen gisan, lasterbideak behar dira, laster bidean izateko preso eta iheslariak. Argi daukate helburua antolatzaileek: «Elkartasun pausoak ematera goaz, lasterbidea sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.