Elkartasun oldeak gainezka egin du

Milaka herritarrek elkartasuna adierazi diote Palestinari, Donostian egindako manifestazio nazionalean. Gazako «genozidioa» eteteko eta Palestinaren kontrako «okupazioa» bukatzeko eskatu dute.

jarraia234242.jpg
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urriaren 21a
17:53
Entzun

«Gernikako sugarrak/ ez dira lurrundu./ Beraz, ez gaitezela/ egitik urrundu./ Zapalduek elkarri/ nola ez lagundu./ Palestina bakarrik/ uzten duen mundu/ baten Euskal Herriak/ ze etorkizun du». Beñat Gaztelumendiren bertsoak dira; gaur, milaka herritarren aurrean Donostian botatakoak. Denek, bat eginda, oihu bera ahoskatu dute: «Palestina aurrera!».

Bi aste bete dira gaur Israelen eta Gazaren arteko gerra lehertu zenetik, eta gainezka egin du Palestinaren aldeko elkartasun oldeak, Donostian egin duten manifestazio nazionalean. Milaka eta milaka herritarrek bete dituzte Donostiako kaleak. Lehen manifestariak Antiguako tuneletik atera eta ordubetera sartu dira azkenak Kontxako pasealekuan.

Denetariko herritarrek eskatu dute «genozidioa» amaitzeko. Adin, genero, jatorri eta ideologia askotarikoak dira Palestinari elkartasuna adierazi diotenak; palestinar ugari ere egon dira, baita Realeko kamiseta zeramatenak ere —Anoeta estadioa Palestinako banderez bete zuten manifestazioa hasi baino lehen—.

Aurreko astean sortu zuten Gernika-Palestina Deialdi Herritarra, eta bost egunean antolatu dute gaurko manifestazio jendetsua. Foro Sozialeko buru ohi Agus Hernanek eta Zuriñe Rodriguez kazetariak hitz egin dute antolatzaile guztien izenean, tuneletik irten eta berehala: «Palestinako egoera latza da: genozidio baten aurrean gaude. Horrenbestez, ezinbestekoa da genozidioa etetea, pasabide humanitarioak irekitzea, Palestinaren kontrako okupazioarekin bukatzea eta bakea. Hori da Donostian exijitzen ari garena».

Lelo asko oihukatu dituzte gaur manifestariek, eta asko errepikatu duten bat hau da: «Ez da gerra bat: genozidioa da». Antolatzaileek ere nabarmendu egin dute Palestinan «genozidio bat» egiten ari dela Israel, eta horrek «premiazko erantzun bat» behar duela: «Euskal jendarteak ulertu du premiazko mezua». Asko izan dira ikurrinak eta Palestinako banderak astindu zituztenak, baita «Israeli boikota» egiteko eskatu dutenak ere.

Gernika-Palestina Deialdi Herritarrekoek zenbait eskakizun zehatz egin dituzte gaur; nagusia hau da: «Gazan Israel egiten ari den genozidioa amaitu behar da berehala eta gatazka honi bidezko konponbide demokratikoa eman behar zaio. Ezein erasok ez du justifikatzen Israel Palestinako herriari ezartzen ari zaion zigor kolektiboa». Adierazi dute nazioarteko zuzenbidean eta NBE Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak «zorrotz» betetzean oinarritu behar dela konponbidea. «Okupazioa amaitu eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatu behar da», nabarmendu dute.

Atxikimendu ugari

Manifestazioa bateratua eta transbertsala izateko borondatea izan dute antolatzaileek, eta atxikimendu ugari jaso dituzte euskal gizarteko sektore ugaritan; politikagintzan, sindikalismoan, gizarte mugimenduetan, kulturgintzan, kooperatibagintzan, kazetaritzan, hezkuntzan eta osasungintzan, besteak beste. Kolektibo ugariren eta Euskal Herriko 150 pertsona ezagunen baino gehiagoren babesa jaso du manifestazioak eta Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak ondutako manifestuak.

Alderdi politikoetako ordezkari ugari egon dira gaur Donostian. EH Bilduko ordezkaritza zabala egon da, esaterako. «Palestinarrek bidezko irtenbide bat behar dute, eta horretarako, haien lurraldea eta estatua izateko daukaten eskubidea errespetatu behar diete», adierazi du Mertxe Aizpuruak, EH Bilduren Espainiako Diputatuen Kongresuko bozeramaileak.

Ahal Dugukoak ere izan dira manifestazioan, eta Pilar Garrido idazkari nagusiak nabarmendu du Israel «estatu basati bat» dela, eta «basakeria» amaitu behar dela: «Su etena behar da, Israel egiten ari dena genozidio planifikatu bat delako. Europako Batasunak, estatu guztiek eta indar politiko guztiek hau gelditzea lortu behar dugu. Mahai gainean jarri behar ditugu presio mekanismo guztiak basakeria amaitzeko». Ezker Anitzak, Zurekin Nafarroak, EH Baik, Sortuk eta Alternatibak ere bat egin dute manifestazioarekin. EAJk haren kideei «askatasuna» eman die manifestaziora joan ala ez erabakitzeko, baina ordezkari nagusiak ez dira egon.

Sindikatu «guztiak»

Antolatzaileek nabarmendu dute «txalotzekoa» dela Euskal Herriko sindikatu «guztiak» manifestaziora atxikitu izana. ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, CGT eta Solidari sindikatuek egin dute bat, hain zuzen ere. «Okupazio egoera baten aurrean gaude, eta testuinguru horretan Israelen oldarraldi militarra gauzatzen ari da. Genozidio baten aurrean gaude, eta hori salatzera gatoz. Irtenbide politikoa eman behar zaio, eta NBEk behin baino gehiagotan ezarri du zein den bidea», adierazi du Mitxel Lakuntzak, ELA sindikatuko idazkari nagusiak.

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk ere manifestaziora batu izanak duen «garrantzia» nabarmendu du: «Oso garrantzitsua da palestinar herriari elkartasuna adieraztea, eta konponbideak eskatzea. Ikusten dugu Israel zer nolako sarraskiak eragiten ari den, eta genozidioa bukatu behar dela uste dugu».

Gizarte mugimendu ugari ere izan dira manifestazioan. Tartean dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GKE gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundea, Itsas Salbamendu Humanitarioa, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Calcuta Ondoan elkartea. Euskal Herriko denetariko ekintzaileak izan dira Donostiako kaleetan; tartean, Kattalin Miner kazetari, idazle eta ekintzaile feminista: «LGTBI kolektiboko kide moduan, argi adierazi nahi dut Israelen pinkwashing-aren [garbiketa arrosaren] kontra gaudela. Gure kolektiboa ez dugu utziko erabiltzen Palestinaren aurka egiteko, eta, are gutxiago, Israel zuritzeko».

Kulturgintzatik ere batu dira deialdira Oreka TX, Tapia eta Leturia eta Xiberoots taldeak, eta hainbat artista: besteak beste, Maialen Lujanbio, Itziar Ituño, Joxe Mari Agirretxe, Pello Reparaz, Fernando Bernues eta Yogurina Borova. Akademiako kide ugarik ere bat egin dute; tartean izan da Nekane Balluerka, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia. Kazetari askok ere erakutsi dute haien atxikimendua; pankarta eraman duenetako bat Martxelo Otamendi izan da, Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohia.

Konponbidea

Manifestazioa Alderdi Eder parkean bukatu da. Huda Hegazti kazetariaren testigantza entzun ahal izan du han bildutako jendetzak; Gazan lanean ari da orain. Mitxel Elortza musikariak pianorako propio konposatu duen pieza ere entzun dute —Gaza du izena—, eta oholtzara igo dira Hernan eta Rodriguez: «Uste dugu 75 urtez luzatu den gatazka honetan bakea lortzeko modu bakarra Palestinako herriak giza eskubideen, duintasunaren eta nazio eskubideen alde dituen bidezko nahiak betetzea dela. Nork bere esparrutik elkartasunerako eta konpobiderako deia egiten segitzea ezinbestekoa da, eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio guztiak beharrezkoak dira».

Gaztelumendiren eta Maddi Ane Txoperenaren bertsoek biribildu dute manifestazioa. Hona, Txoperenarena: «Picassok gaur koadrorik/ balezake pinta!/ Telebista da filme/ gore baten zinta./ Guk ere izana dugu/ terrorista pinta./ Hala idatzi dute/ Gazaren kronika:/ gorriek bonbardatu/ zutela Gernika».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.