Palestinako gatazka

Elkartasun keinuak debekatzeko bidean

Europako zenbait tokitan neurriak ezarri dituzte Palestinaren aldeko manifestazioak mugatzeko, eta ikurrak erakustea ere galarazi dute. Euskal Herrian ere debekatu dituzte elkartasun keinu batzuk, eta banderak kendu dituzte Maulen eta Eibarren.

Palestinaren ikurrak, larunbatean Iruñean egindako manifestazioan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Gotzon Hermosilla - Markos Tedin-Uriburu Castro
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun

Badirudi Europak norabide bat hartu duela Palestinaren aldeko elkartasun keinuei dagokienez, edo, behintzat, halaxe erakusten dute kontinenteko estaturik handienetako batzuek. Horren erakusgarri dira Frantzian, Alemanian eta Erresuma Batuan ezarritako neurriak. Euskal Herrira ere iritsi dira debekuen olatu horren zipriztinak.

Erresuma Batuan, Suella Braverman Barne ministroak Palestinaren aldeko keinuak edo zeinuak egitea «delitu kriminal» gisa hartzeko agindu zien Poliziako buruei. Hala ere, milaka herritar atera dira kalera Palestinari elkartasuna erakustera.

Alemanian, urriaren 11rako antolatuta zegoen Palestinaren aldeko agerraldi bat debekatu zuen Berlingo Poliziak, segurtasuna eta ordena publikoa arriskuan jar zitzakeelakoan. Aurreko asteburuetako protestetan, Polizia Palestinako banderak eta zapiak kentzen aritu zen.

Frantziak Palestinaren aldeko manifestazioak erabat debekatu dituen arren, Parisen herritarrak batu egin dira elkartasuna adierazteko asmoz. Egin diren kaleko bi agerraldietan istiluak izan dira Poliziaren eta manifestarien artean.

Euskal Herrian ere bai

Frantziako debekuak Euskal Herriari ere eragiten dio. Aurreko astean, prefetak Mauleko Udalari agindu zion zintzilik zeukan Palestinako bandera kentzeko. Horrez gain, ostiralean Palestinaren aldeko manifestazio bat debekatu zuten Urruñan (Lapurdi), eta horren ordez elkarretaratze bat egin behar izan zuten.

Polemika handia piztu du asteburuan Ipurua futbol zelaian gertatutakoak, Eibarren eta Huescaren arteko partidan. Palestinako bandera harmailan erakusteagatik, zale bat kanporatu zuten zelaiko segurtasun zerbitzuek eta Ertzaintzak. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak zalantzan jarri du Ertzaintzaren jokabidea, eta horretaz galdetu dio Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari: «Zer dela-eta jazarri zaio Ertzaintza zaleari? Zein legeren eta zein artikulu edo paragraforen arabera?».

Eneko Calle BDS (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) kanpainako kidearen hitzetan, «gertatzen ari dena Palestinaren eta haren aldeko elkartasun keinuen aurkako gerra bat da». Horrez gain, adierazi du Palestinako bandera ez dela Hamasena: «Gazan gertatzen ari dena genozidioa dela dio Nazio Batuen Erakundeak».

Iñaki Lasagabaster EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradun emeritua da. Dioenez, adierazpen askatasunerako eskubideak babesten du kalean ikurrak erakustea, eta, beraz, agintariek ezin dute hori mugatu baldin eta ikur hori ez badaiteke «gorroto delitutzat» jo. Edonola ere, orokorrean adierazpen askatasunak lehentasuna duela deritzo, oinarrizko eskubide bat den neurrian.

Bereziagoa da futbol zelaietan ikurrak erakustearen afera. Partidak erakunde pribatu batek antolatzen ditu, eta, beraz, partikularren arteko arauak finkatzen ditu horren nondik norakoak: «Baina harreman horietan ere giza eskubideak aplikatzen dira, eta, beraz, ezin dira zenbait jokabide nahieran debekatu hori adierazpen askatasunaren kontrakoa bada».

Ligak aurreikusten du «etsaitasunezko giroa sortzen eta indarkeriazko portaerak pizten lagundu dezaketen adierazgarriak» debekatzeko aukera, baina Lasagabasterrek zalantzan jartzen du Palestinako bandera bat eramatea horrelakotzat jo daitekeenik.

Beste alde bat ere izan dezake auziak, zigor arlokoa: kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantzia galarazteko Espainiako legeak zigor administratiboak biltzen ditu «indarkeria sustatzen duten adierazpideak» tartean daudenerako. Zigor horren kontra administrazioarekiko auzi helegitea aurkez daiteke, eta orduan epaile batek ebatzi beharko luke auzia: «Frogatu beharko litzateke ikur hori erakusteak benetan zer istilu mota eragin duen edo zer indarkeria mota sustatu duen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.