Elkartasun kaxak

Azaroko azken asteburuan egin zuen Euskal Herriko Elikagai Bankuak urteroko bilketa handia. Bildutako elikagaiak jatekoa behar dutenei ematea da asmoa, baina, banatzeko, sailkatu eta antolatu egin behar dira lehenik.

Gipuzkoako Elikagai Bankua
Boluntarioak neguko bilketako produktuak eskuz sailkatzen. / FOKU
nerea intxausti
Oiartzun
2023ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Hankaz gora dago dena, lekuz kanpo eta desordenatuta, baina, behintzat, dena dago biltegian. Amaitu da denda atarietan egin beharreko lana, eta amaitu da saltokira joaten den orori ekarpen bat eskatzea, txikia bada ere. Orain, guztia antolatu beharra dago, eta horren ardura dute Elikagai Bankuko boluntarioek. 

30 lagun inguru bildu dira Gipuzkoako Elikagai Bankuaren Oiartzungo biltegian (Gipuzkoa). Ate metaliko handi bat duen pabiloi luze bat da; ia ondoan, ehun metrora, beste biltegi handi bat dute, elikagai galkorrak gordetzeko. Txaleko urdina soinean, saltokietatik iritsitako ehunka kartoizko kaxetan dauden elikagaiak antolatzea dute helburu: kafea kafearekin eta pasta pastarekin. 

«Babarrunak eta txitxirioak kaxa berean al doaz?». «Eta tomatea? Non dago tomatearen kaxa?». Kaosa da nagusi biltegian. «Lehen eguneko kontuak», Nelly Chaparro sailkapenaren arduradunaren esanetan, baina elikagaiak errazago sailkatzeko erabiltzen duten uhal garraiatzailea ez dabil, eta horrek ere ez du lagundu. «Atzo bazebilen…», kexatu da berrikusteaz arduratu zen boluntarioa. 

Uhal garraiatzailea martxan egongo balitz, elikagai guztiak gainean jarri eta pertsona bakoitzak berari dagozkion elikagaiak hartuko lituzke; hura hartzea eta kaxan sartzea litzateke egin beharrekoa. Uhalik gabe, produktuak eskuekin hartu eta dagokien kaxara eraman behar dira, banan-banan; eta hortik kaosa. Iñaki boluntarioak onartu du: «Uhalarekin hobeto aritzen gara, lana errazten digu». Klaudiok ere hala uste du.

Gabonen aurretik egiten den bilketa kanpaina garrantzitsua da bankuarentzat, horretan bildutakoari esker ia urte osorako adina elikagai bil baitezakete. «Uste nuen goizeko kaos horrekin eguna galduko genuela, baina hartu diogu neurria, eta ari gara», poztu da boluntario bat. 

«Etxe batean prezioen gorakada nabaritzen bada, zer esanik ez 20.000 pertsonaren etxe batean»BELEN MENDEZ DE VIGO Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidentea

Berriak direnentzako argibideak daude, produktuak nola sailkatu eta non kokatu jakiteko. Isabelek, adibidez, eskertu ditu: «Lehenengo aldiz etorri naiz gaur, baina gehiagotan etorriko naiz, ziur. Produktu bat mugitzen dudan bakoitzean, hura jango dutenengan pentsatzen dut, eta motibatu egiten nau». Maitek, aldiz, urteak daramatza elikagaien bilketan laguntzen: «Erraz egiten den lana da, eta, aldi berean, balio handia du; gainera, halako ekintzak eginda, endorfiinak sortzen zaizkizu». Maitek mediku ikasketak egin zituen, eta elikagaiak sailkatzen ari denean asko pentsatzen du emakumeengan eta haientzako higiene produktuetan: «Janariaz gain, horiek bai direla oinarrizko beharrak!». 

«Arrozaren kaxa bete egin da! Ekarriko du baten batek kaxa hutsik?», entzun da urrunetik. Arroz paketez betetako kaxa orgarekin hartu, eta izkina batera eraman du beste batek. Handik, bankuaren laguntza eskatzen duten 170 elkarte edo udaletako batera eramango dute. Haiek erabakiko dute zeinek behar duen jatekoa eta zenbat beharko duen; horren arabera, produktu bakoitzetik kilo kopuru bat emango diote. 

«Gu oso ondo bizi gara, baina bada beharra duen jendea», dio Isabel boluntarioak. Belen Mendez de Vigo ere, Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidentea, atsekabetu da: «Tristea da, baina jende askok falta du jatekoa». Kopurua urtero aldatzen bada ere, 20.300 pertsona artatzen dituzte gaur egun Gipuzkoan. Bitartekari dira lagundu nahi duten eta laguntza behar dutenen artean, eta oinarrizko behar bat asetzen dute: jatekoa. 

Seiehun kaxa baino gehiago beteko dituzte, eta oraindik iristear daude elikagai eta bonu gehiago, baina kalkulatu dute iaz baino %8 kilo janari gutxiago jasoko dutela Gipuzkoan —205.000 kilo espero dituzte—. Dena dela, presidenteak pozik esan du emandakoaren balioa dirutan neurtuz gero gipuzkoarrek iazko laguntzaren antzekoa eman dutela aurten. Inflazioa dute arazo: prezioak asko garestitu dira, eta iazko diru kopuru berarekin gauza gutxiago eros ditzakete. «Esnean bakarrik 10.000 euro gehiago gastatu dugu. Etxe batean prezioen gorakada nabaritzen bada, zer esanik ez 20.000 pertsonaren etxe batean». 

Halako batean, boluntario berri bat agertu da, «denetik konpontzeko gai dena», gainerakoen esanetan. Uhal garraiatzailea konpontzeko asmoa du, baina ezin izan du, uhalaren motorra erre egin baita, eta hura gabe jarraitu beharko dute lanean. 

Erretiroa hartutakoak dira boluntario gehienak. Errenteriako (Gipuzkoa) Urdaburu mendizale elkarteko Iñakik azaldu du ostegunero mendira joaten direla, eta batzuetan halako egitasmoetan ere parte hartzen dutela. «Nik lau urte inguru daramatzat etortzen; beste batzuek, gehiago. Denbora dugu, eta laguntzeko modu bat da hau». Josunek urte asko daramatza joaten, eta aitortu du adikzioa sortzen duela: «Harrapatu egiten zaitu».

Gipuzkoako Elikagaien Bankua «boluntario profesionalen enpresa bat» dela diote Mendez de Vigo presidenteak eta Carlos Martinez presidenteordeak: antolaketa eta kudeaketa enpresa baten antzekoa baita, baina langileak boluntarioak baitira. Oiartzungo egoitzara 120 pertsona inguru joan ohi dira laguntzera, eta 70 Bergarako egoitzara. Erakunde publikoek «asko» laguntzen dituztela azpimarratu dute, lan handia egiten dutelako gizartearen alde, eta, gainera, «diputazioak ezingo lukeelako lan hau guztia ordaindu». Erakundeek arazoari aurre egiten diotela uste dute, ez zuzenean, baizik eta Elikagai Bankuaren bitartez. «Era perfektua iruditzen zait», dio presidenteak. 

Baina lagundu nahi dutenak antolatzeak ia elikagaiak antolatzeak bezainbeste lan du; horretaz arduratzen da Pili Fernandez, giza baliabideen arduraduna. Milaka dei egiten ditu, eta, azkenerako, lortzen du jendea egotea bilketa egiten den dendetan eta sailkapen lanak egin behar diren egun guztietan. Erretiratuta dago, baina, haren esanetan, berriro lanean hasi zen orain hamar urte. Zortea daukala dio «lagundu dezakeenaren aldean» dagoelako. Dena dela, halako bankuak existitu behar ez izatea da haren ilusiorik handiena.

Arratsaldean beste boluntario batzuk joango dira biltegira, eta bihar beste batzuk, harik eta guztia sailkatuta egon arte. Abenduaren 20rako lana amaitu nahiko lukete Chaparro eta Fernandez arduradunek, baina, arazo teknikoak medio, 22rako bukatuko dutela uste dute. «Beste batean ere etor gaitezke», proposatu du Josunek. «Zalantzarik gabe, eta lagun gehiago ekarriko ditut», erantzun dio Isabelek.

Ingurumenarentzat ere lagungarri

Bilketa handiko azken lan eguna, baina, ez da Elikagai Bankuaren lanaren amaiera. Biltegitik ehun metrora beste biltegi bat daukate, hori ere goraino beteta, elikagai galkorrak gordetzeko. Han egunero egiten dute lan, elikagai galkorrak garbitzen eta sailkatzen. Klaudio, adibidez, asteazkenero joaten da hara eskariak prestatzera. 

Martinez presidenteordearen esanetan, harro egiten dute elikagai ez galkorren bilketa, baina are harroago galkorrena. Ez da hain ezaguna, baina janari freskoa ere biltzen dute, eta, hala, zaborretara joan dadin saihesten: aurten 1.050.000 kilo janari «salbatu» dituztela nabarmendu du Martinezek. Horregatik dio harritzekoa bada ere Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak diru laguntza handiagoa ematen diela Gizarte Sailak baino; gizarte integrazioa lantzeaz gain, elikagaien xahuketari ere aurre egiten baitiote.

Gorabeherak aurtengo bilketan

Elikagai Bankuek jasotzeko eta kontatzeko dituzte oraindik saltoki batzuetako elikagaiak eta bonuak, baina Euskal Herriko banku batzuek balorazioa egin ahal izan dute jada: Bizkaian eta Iparraldean, iaz baino gehiago bildu dute. Baionako Hazkurri bankuarentzat, «arrakastatsua» izan da bilketa: 122 tona elikagai bildu dituzte —joan den urtean baino %11 gehiago— 90 saltokitan eta 900 laguntzaileren bidez. «Ipar Euskal Herria gero eta solidarioagoa» dela frogatu dute. Bizkaian, gehiago jasoko dute oraindik, baina oraingoz iazko 1,2 tonak gainditu dituzte, eta iragarri dute 1.200.000 euro baino gehiago bilduko dituztela, elikagai, bonu eta dohaintzak barne.

Araban eta Gipuzkoan, aldiz, uste baino gutxiago bildu dute. Araban, zehazki, lehengo urtean baino %10 kilo elikagai gutxiago eta %15 bonu gutxiago; Gipuzkoan %8 kilo janari gutxiago. Nafarroan ez dute baloraziorik egin oraindik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.