EH Bilduk gogor salatu du EAJk eta PSE-EEk «aitzakia absurdo batekin» atzera bota izana Eusko Legebiltzarreko mahaian Unai Fernandez de Betoño parlamentari «mehatxatuarekin» elkartasuna erakusten duen adierazpen bat.
Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikorako Batzordeak ez du bete salatzaileen anonimotasuna babesteko duen beharrizana, eta, horren ondorioz, EH Bilduko legebiltzarkide horrek mehatxuak jaso dituela jakinarazi zuen joan den astean koalizio abertzaleak. Bada, orain salatu du EAJk eta PSEk «jarrera larria, ulergaitza eta sektarioa» izan dutela elkartasun adierazpena aintzat ez hartzeko: «Argudiatu dute Fernandez de Betoñok ez zuela jo Etika Publikorako Batzordera parlamentari gisa, eta edonork ikus dezake hori ez dela egia; batzordearen ebazpenak berak zehaztu du salaketa parlamentari batek egin zuela».
Koalizio abertzaleak uste du Legebiltzarreko mahaiak «sektarismoa» erakutsi duela, «gehiago begiratu diolako Fernandez de Betoñoren afiliazio politikoari, jasotako mehatxuari baino». Ziurtatu du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak gertatutakoaren jakitun zela, eta, hala ere, ez zuela ezer egin, eta orain, berriz, mahaia izan dela «batzordearen irregulartasuna babestu duena».
EH Bilduk nahi zuen Legebiltzarreko mahaiak bere taldeko parlamentaria babestea, «irregulartasunen biktima» dela uste duelako, «baina hori egin beharrean, batzordearen jarduera okerra» babestu du mahaiak, koalizioaren arabera. «Nor ausartuko da irregulartasunak salatzen jakinda kalte egin diezaiokeela, eta, hori gertatuz gero, ez duela inor defendatuko?», galdetu du EH Bilduk.
Elkartasun idatzirik ez Fernandez de Betoñorentzat
Eusko Legebiltzarreko mahaiak atzera bota du EH Bilduko parlamentari «mehatxatuarekin» elkartasuna azaltzen duen adierazpen bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu