Azkar bai azkar barreiatu zen albistea atzo goizean: bi euskal herritar atxiloturik zeuden Grezian, zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzen saiatzeaz akusatuta. Bolo-bolo ibili zen berria, eta, gertaturikoa azaltzeko agerraldia hastear zegoelarik, jendetza handia zegoen bilduta Ekologistak Martxan elkarteak Bilboko Zazpikaleetan duen egoitzaren aurrean. Elkartasuna adierazteagatik atxilotutakoei elkartasuna adieraztea zen jendetzaren asmoa. Eta Europako instituzioek errefuxiatuen aferan duten jokabidea salatzea.
Herenegun atzeman zituzten Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga Euskal Herriko gizarte mugimenduko kide ezagunak Igoumenitsako portuan (Grezia), ferrya hartzeko prest zeudenean. Autokarabana batean zihoazen, eta, haiekin batera, Siriako, Afganistango eta Irango zortzi errefuxiatu ere bazeuden. Zortzi pertsona horiek Euskal Herrira ekartzea zen Huarteren eta Zuloagaren asmoa. Errefuxiatuen artean bazegoen hainbat eraso pairatutako emakume transexual bat ere.
Errefuxiatuak libre utzi dituzte, eta haietako bik asiloa eskatu dute Grezian. Huartek eta Zuloagak, berriz, atxilo jarraitzen dute, eta gaur pasatzekoak dira epailearen aurrean. «Bidaiatzeko dokumentazio egokirik ez zuten pertsonak garraiatzea» egotzi diete, eta litekeena da pertsonen trafikoan aritzeaz ere akusatzea. Delitu hori gogor zigorturik dago Greziako legerian. Huarterekin eta Zuloagarekin kontaktuan jartzerik izan duten ekintzaileen arabera, «ongi» daude biak ala biak, eta haien kezka nagusia zen haiekin batera zihoazen errefuxiatuei zer gertatuko ote zitzaien.
«Desobedientzia ekintza»
Huarte eta Zuloagarena ez da izan euren kasa erabakitako ekinbidea. Bilboko agerraldian azaldutakoaren arabera, «desobedientzia ekintza bat» izan da, aspalditik oldoztu eta prestatua, eta Euskal Herriko zenbait gizarte mugimenduren kezkaren ondorioz sortutakoa, Europako instituzioek errefuxiatuen auzian duten «ekintzarik eza» ikusita. Gizarte mugimenduen eta norbanakoen diru ekarpenekin finantzatu dute Greziarako bidaia; «irabazi asmorik gabeko ekintza bat» izan da, eta helburua zen instituzioek errefuxiatuei ukatzen dieten babesa eskaintzea.
Ekintzak zituen arriskuez jakitun, bideo bat utzi zuten grabaturik Huartek eta Zuloagak Greziara abiatu aurretik. Bideoan, bi ekintzaileek onartu dute pertsona errefuxiatuak «legez kanpo» ekartzeko asmoa, eta euren gain hartu dituzte «historiako sarraski handienekin aldera daitekeen basakeria honekin bat ez etortzeak» ekar diezazkiekeen ondorioak. «Giza eskubideei zor diegu obedientzia; haien urraketei eta Europako gobernuei, aldiz, desobedientzia», dio Huartek bideoan. «Elkartasuna eta salaketa politikoa» beste helbururik ez dutela ere erantsi dute.
Gizarte mugimendu, alderdi eta sindikatu ugarik bat egin dute Huarteren, Zuloagaren eta gainerako ekintzaileen asmoekin, eta horren adibide izan zen Bilbon atzo egindako agerraldia. Txalo zaparrada batekin hartu zuten Ekologistak Martxan-eko egoitzan bildutakoek Huarte eta Zuloagaren bideoa, eta, Carlos Askunzek eta Nati Ovelleirok azaldu zutenez, elkartasun mugimendua gertu dago bi ekintzaileek urratutako bidetik jotzeko: «Ez gaude prest sarraski horren aurrean geldirik egoteko», esan zuen Ovelleirok. «Desobedientzia zibilerako dei publikoa egin nahi dugu».
Eusko Jaurlaritzak azaldu du «ulertu» egiten duela euskal herritar askoren «haserrea eta desadostasuna», baina ez dator bat bi ekintzaileek salaketa egiteko erabilitako moldearekin. Beste zenbait eragilek, berriz, bat egin dute atxilotutakoekin. Agerraldian EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Bilboko Udaleko Irabazi eta Goazen Ganemos Bilbo taldeetako hautetsi ugari egon ziren, eta alderdi eta sindikatu askok ere agiriak plazaratu dituzte atxilotuei elkartasuna adierazteko.
Errefuxiatuak. Greziako ekintza
Elkartasun gogoa, atxilo hartua
Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga atxilotu dituzte Grezian, zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekarri nahian zebiltzala. Gizarte mugimendu askoren babesa duen «desobedientzia ekintza bat» izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu