Igandean eginen du Askatasunak Elkartasun Eguna, Larresoron (Lapurdi). «Presoen askapenean gizarteak duen protagonismoa» azpimarratu, eta herritar guztiei egin diete antolatzaileek bertaratzeko gomita. 17:00etan eginen da ekitaldi politikoa, Askatasunako eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideek hartuko dute hitza.
Larunbatean Bilboko manifestazioan aldarrikatu zen gisara, espetxe politikaren aldatzea exijituko diete Espainiako zein Frantziako gobernuei. Lehen pauso gisa, euskal presoak Euskal Herriratzea, bizi osoko presondegi zigorrekin bukatzea, zigorren hiru laurdenak bete dituztenen kaleratzea, eri diren presoen askatzea eta bestelako gaixotasunak dituztenen zaintza dute aldarrikatuko. Legedia aplikatuz, «175 lagunek kanpoan egon behar lukete», Askatasunako Emilie Martinek azaltzen duenez.
Preso eta iheslari politikoek jasaiten duten egoera kaskarra salatzeko unea izanen da. Bisitekin izaten diren arazoak ditu Martinek nabarmentzen. Dijon hirian (Frantzia) diren Oihana Garmendia eta Itziar Moreno presoek bisita luzeagoak ukaiteko protestak eginagatik, bakartze ziegan sartu direla ohartarazi du Martinek. «Dijon oso urrun da, familiek bide luzea egin eta bakarrik 30 edo 50 minutuko bisitak dituzte» zehaztu du.
Eguerdian abiatuko da eguneko egitaraua ohiko hurrupaldiarekin, ondotik bazkariarekin segituko du egunak. Kontzertuekin bukatuko da hitzordua.
Egun garrantzitsua
«Garrantzi berezia» dauka egun horrek Batasunaren irudiko eta bertaratzeko deia luzatu du, komunikabideetara igorritako agiri baten bidez. «Ezker abertzaleak hautu estrategikoa burutu eta aldebakarreko urratsetan sartu zenetik, harreman politiko instituzionalak guztiz aldatu dira eta gure herriaren proiekzioa baita ere», Batasunaren hitzetan. Horri begira, Espainiako eta Frantziako estatuek urratsik egin ez izana gaitzetsi du. Amnistiaren aldeko mugimendua «indarturik azaltzeko» eta orokorki euskal preso eta iheslarien alde, Larresorora deitu ditu herritar guztiak. Batasunak argi dauka gatazkaren konponbidean, presoen eta iheslarien kolektiboek «parte aktiboa» izan behar dutela.
Elkartasun Eguna iraganen da Larresoron, igandean
Eguerdian hasiko da Askatasunak euskal preso eta iheslariekiko elkartasunez antolatu ekitaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu