Handia da Nafarroaren eta Palestinaren arteko distantzia. Handia, bi lurraldeen artean diren 6.000 kilometroei dagokionez; are handiagoa, Europako erakundeen eta Palestinako herritarren arteko urruntze politikoari erreparatuta. Iruñean, baina, distantzia hori murriztu nahi izan dute gaur, kantuz kantu, ekarpenez ekarpen. Yala Nafarroa plataformak elkartasun jaialdia egin du Sarasate pasealekuan; batetik, Palestinaren aldeko aldarriak kalera ateratzeko, eta, bestetik, zenbait erakunde palestinar diruz laguntzeko. Gaurko ekitaldian jendeak jarritako ale bakoitzak koska bat murriztu du bi lurraldeen arteko distantzia, hatz puntekin elkar ukitzeraino.
«Genozidioak ez du etenik, egunez egun hazten ari da hildakoen kopurua, eta ezinbestekoa da hori kalean salatzea», adierazi du Hodei Aragunerenek, plataformaren izenean. Haren esanetan, gaurko jaialdia ez da egun bakarreko kontua, eta dinamika zabalago baten parte da: «Gazarekin elkartasun aktiboa izena eman diogu egitasmoari; xedea da dirua biltzea, hara bidaltzeko». Dinamika horren barruan, hiru lan ildo zehaztu dituzte: bat, sindikatuen bitartez, Nafarroako 30 enpresatan baino gehiagotan dirua biltzea; bi, udalekin akordioak egitea, laguntzak eta diru sailak bideratzeko [152 udalekin harremanetan dira dagoeneko]; eta hiru, mobilizazioak antolatzea.
Mobilizazio sorta horren barruan antolatu zuten Sarasate pasealekuko jaialdia ere, Gera dezagun Palestinako genozidioa lelopean. Oholtza gainera igo dira, besteak beste, Enrique Villarreal El Drogas, La Chula Potra, Kerobia, Kai Etxaniz, Eztitan, Madafack, Mielotxin, Burutik eta Barañaingo Alaiz institutuko ikasle talde bat. Kontzertuez gain, antolatzaileek haimak paratu dituzte pasealekuaren luzera osoan. Horietako batzuetan, dastagai ziren Palestinako tea, pastelak eta bestelako jakiak; eta beste batzuetan, haurrek aukera zuten Palestinako banderak marrazteko eta bestelako eskulanak egiteko. Postu guztien artean, baina, diru ekarpenak egiteko txosnak erakarri du jende gehien.
Arangurenek azaldu duenez, bi helbururekin erabiliko dute diru hori: batetik, Israelen aurkako prozesu judizialak finantzatzeko; eta bestetik, Gazara giza laguntza igortzeko. Lehen helburuari buruz, Arangurenek esan du «oso arriskutsua» litzatekeela nazioarteak zabalduko lukeen mezua, «Benjamin Netanyahuren gerra krimenek zigorrik mereziko ez balute». Yala Nafarroa plataformako kidearen ustez, «genozidio bat ezin da doan atera», eta horregatik babestu nahi dituzte Netanyahuren aurkako kereilak eta Nazioarteko Zigor Auzitegian zabalik den auzibidea.
«Genozidioa ezin zaio doan atera Netanyahuri. Mezu arriskutsua bidaliko genioke munduari, haren gerra krimenek zigorrik ez balute».HODEI ARANGURENYala Nafarroa elkarteko ordezkaria
Bestalde, Nafarroako plataforma elkarlanean da Gazako bi erakunderekin: Gazako Nekazarien Batzordearekin eta Gazako Emakumeen Batzordearekin, hain zuzen. «Diruz lagundu nahi ditugu Palestinako proiektu humanitarioak. Emakumeen aldeko elkarteak laguntza psikosoziala eskaintzen die indarkeria sufritu duten emakumeei; eta nekazarien batzordeak, berriz, janaria, ura eta arropa banatzen ditu Gazako herritarren artean», azaldu du Arangurenek.
Milaka atxikimendu, hiru hilabetean
Ibilbide laburreko plataforma da Yala Nafarroa. Iazko abenduan sortu zen, Gazako herritarren aurkako sarraskia salatzeko, eta, ordutik, atxikimendu ugari lortu ditu herrialde osoan. «Plataforma hau sortu genuen, beharra ikusten genuelako erakunde transbertsal bat sortzeko; beharra zegoen Palestinaren aldeko borroka Nafarroako kaleetara ateratzeko eta sektore askorengana iristeko. Uste dut asmatu genuela».
Ikusi gehiago
Plataformak abenduaren 30ean antolatu zuen lehen mobilizazio handia: 12.000 pertsona elkartu zituzten Iruñean, Palestinako inbasioaren aurkako manifestazio batean. Aranguren «pozik» azaldu da orain arte herritarrek eman dieten «berebiziko sostenguarekin», baina ezinbestekotzat jo du halako protesta ekintzak antolatzen segitzea: «Ez da ahaztu behar Gazan gertatzen ari dena. Ozen salatu behar dugu egunero, beste kontu batzuek estal ez dezaten. Genozidioak ez du etenik, eta egunez egun hazten ari dira hilak. 39.000 pertsona hil ditu jada Israelek. Behar-beharrezkoa da kontzientziazio lan hau».